INFO

Bi adingaberi sexu abusua egiten saiatzeagatik, 31 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian

Bi adingaberi sexu abusua egiten saiatzeagatik, 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak bart Donostian. Gaur eramango dute gipuzkoar hiriburuko guardiako epaitegira.

31 urteko gizonezkoa atxilo eraman zuen Ertzaintzak Donostian. (ERTZAINTZA)

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean, Donostian, bi adingaberi sexu abusua egiten saiatzea leporatuta, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertaerak atzoko 21:00ak aldera izan ziren, Donostiako erdiguneko kale batean. Neska-mutil talde batek Ertzaintzako patruila baten laguntza eskatu zuen. Aldi berean, gizon batek presaka alde egin zuen tokitik agenteak ikusi zituenean.

Ertzainek gizona geldiarazi eta identifikatu zuten. Bitartean, bi gazteren eta zenbait lekukoren testigantzak jaso zituzten. Antza denez, gizonezkoa gazteengana hurbildu eta neska adingabeak jazartzen hasi zen. Lekukotasunen arabera, nesketako bat musukatzen eta beso batetik heltzen saiatu zuen, eta beste bat besotik heldu eta tira egin zion, baina neskak askatzea eta alde egitea lortu zuen.

Testigantzak eta salatutako gertaerak kontuan izanda, Ertzaintzako patruilak identifikatutako gizonezkoa atxolitu zuen, ustez adingabeen aurkako sexu abusua egiten saiatzea leporatuta. Atxilotua astearte honetan eramango dute Donostiako guardiako epaitegira.