INFO

Canneseko zinema jaialdia maiatzetik udarara atzeratu liteke, egoerak behartuta

Mundu mailan ospatzen den zinema jaialdirik garrantzitsuenak aurten ere bere ohiko agenda hankaz gora ikusi lezake egoerak hala behartuko balu. Maiatzaren 11etik 22ra bitartean behar luke izan; ordea, asteazken honetan iragarri dutenez, ez da baztertzen ekaina-uztailera atzeratzea.

Canneseko jaialdiak aurten ere bere ohiko datak zalantzan jarri ditu. (John Tyson/Unsplash)

Joan berri den 2020. urtean Canneseko zinema jaialdia ezin izan zen ohi bezala maiatzean ospatu eta antolatzaileek asteazken honetan bertan baieztatu dutenez, egoerak hala behartuko balu, aurten ere atzerapen bat gerta liteke agendan. Iragan urrian egin zen hiru egunetako edizio sinbolikoa, digitala gainera. Neurriak oraingoan muturrekoak aurreikusten ez badira ere, aurten aste batzuk atzeratzea ez da baztertzen.

Aurtengo edizioa maiatzaren 11aren eta 22aren artean dago iragarrita; ordea, eta koronabirusaren egoerak horretara bultzatuko balu, mahai gainean dago ekainaren bukaera eta uztailaren bukaera artean izatea. Edozein kasutan, azpimarratu dute jaialdia 2021ean egin egingo dela bere ohiko formatuan, eta ez dela bertan behera geldituko.

Zazpigarren artearekin mundu mailan dagoen hitzordurik garrantzitsuena da Cannesen egiten dena, koronabirusak aurrena eta itxialdiak ondoren erabat aldrebestu zuena. Bozeramaile batek agerraldian gaur bertan adierazi duenez, denbora bat hartuko dute egoera zein den aztertu, hausnartu eta urtearen hasiera honetan erabaki bat hartzeko.

Esan bezala, programazioa maiatzerako dago aurreikusita, baina pandemiaren garapenak exijituko balu gauzak alda daitezke. «Hausnarketa zabalik dago, eta ekainaren amaiera eta uztailaren amaiera bitartean egitea aukera bat da, leiho hori irekita dugu», erantsi dute iturri berberek.

Nazioarteko zinema jaialdi sarean pieza nagusia izan arren, egoerak bete betean harrapatu zuen iaz Cannes, Berlin edo Veneziako jaialdiek eutsi egin ahal izan zioten bitartean, nahiz oso baldintza zorrotzekin izan.

Momentuz, 2021 honetan 71. Berlinale jaialdia da egutegiko lehenengo hitzordu nagusia, baina dagoeneko uko egin dio edizio klasiko bat ospatzeari. Jaialdia martxora atzeratua izateaz gain, filmen arteko lehiaketa on line izango da. Ikuslegoarentzat eskainitako emanaldiak, berriz, ekainean izango dira.