INFO
Entrevista
Gurutze Fernandez
Futbolari ohia eta Athleticeko ikuskatzailea

«Ez da mito bat, derbiak partida bereziak dira»

2021. urtea hasteko, Realak eta Athleticek Zubietan neurtuko dituzte indarrak (11.30). Partida hauen lehen golegilea izan zen Gurutze Fernandezek -egun Orixe ikastolako kirol koordinatzailea eta Athleticeko ikuskatzailea- NAIZekin errepasatu du derbien iragana, oraina eta etorkizuna.

Gurutze Fernándezek kirol koordinatzailea da Orixe ikastolan eta Athleticen ikuskatzailea Gipuzkoan. (Jon Urbe/Foku)

Hamalau urte luze pasa dira Realak eta Athleticek Lehen Mailan elkarren arteko aurreneko derbi ofiziala jokatu zutenetik. Gauzak asko aldatu dira txuri-urdinek Lehen Mailan debutatu zuten 2006-2007 denboraldi hartatik, baina derbiak ondo ezagutzen dituen Gurutze Fernandez ziur dago «betiko kutsu berezia» ez dela galdu.

Urretxuarrak sartu zuen derbion historiako lehen gola. Golak, hobeto esanda, Lezaman 3-0 amaitu zen partida hartan bi lortu baitzituen. Hirugarrenaren egileak, Erika Vazquezek, jo eta ke jarraitzen du oraindik ere. «Bera eta Vane [Vanesa Gimbert] ikusten ditudanean aho zabalik geratzen naiz –aitortu du Athleticeko jokalari ohiak–. Egun baliabideak hobeak dira, jokalariak gehiago zaintzen dira; fisioterapeutak, nutrizionistak... jende asko dago karrerak luzatzen laguntzen duena. Baina beraien ibilbidea txalogarria da. Ez da bakarrik jokatzen jarraitzen dutela, baizik eta zenbat partida jokatzen dituzten eta zein maila ematen duten».

Eskertuko luke Athleticek gaur biek Zubietan (11.30) jokatu ahal izatea. «Taldea makal dabil eta horrelako uneetan inoiz baino beharrezkoa da nortasun eta esperientzia handiko jokalarien parte hartzea», nabarmendu du Fernandezek. Derbia, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da zuri-gorrientzat. «Irabaziz gero, sailkapenean ez litzateke larregi nabarituko, goiko aldetik urrun dagoelako. Baina moralari dagokionez, ez dute irabazteko partida egokiagorik topatuko behar duten bultzada jasotzeko».

Izan ere, bere talde-ohiak une honetan duen arazo handiena «buruari» dagokiona dela uste du: «Gorago egoteko taldea daukala uste dut baina horrelako dinamika txarrean sartzen zarenean zaila da irteteea, urduritasuna agertzen da, konfiantza falta… emaitza pare bat jarraian lortu arte».

Baina ez da arazo bakarra, ikuspegi orokorrago batetik. «Nik uste dut tranzisio-etapa batean dagoela. Jokalari garrantzitsuak erretiroa hartzen joan dira azken urteotan, udan jasandako bajak garrantzitsuak dira… Igotzen ari diren gazteak onak dira baina denbora behar dute, taldera, mailara eta exijentziara moldatzeko. Eta prozesu hori beti da zailagoa emaitzak onak ez direnean. Lan egin behar da baina pazientzia eduki behar da ere», uste du, «edozein kasutan puntuan lehen baino lehen jarri behar» direla ahaztu barik, urduritasuna ez areagotzeko eta dinamika txar honekin amaitzeko.

Orain Realak ohiko egoerari buelta eman diola erakutsi nahiko du eta, Athleticek, berriz, bizirik jarraitzen duela, baina motibazioa hor dago, eta zelaian nabaritu egingo da

Azken jardunaldietan bere erritmoa zertxobait moteldu den arren, argi dago Realaren egoera guztiz kontrakoa dela. «Oso talde polita dute. Eta oso orekatuta. Hiruzpalau jokalari daude hamaikakoan beti daudenak baina postu guztietan ikusten da alternatiba onak daudela. Aldaketak egiten ditu entrenatzaileak eta ez da nabaritzen. Eta hori jokalariek ere asko eskertzen dute, jokatu dezaketela badakitelako eta motibazioa mantentzen dutelako», Gururen ustetan. «Talde gaztea dute baina esperientziarekin, ederki jokatzen dute, ausartak dira eta, oso garrantzitsua, egiten ari diren lanean sinesten dute», gaineratu du.

Horregatik, Fernandezek derbiaren emaitzak Realarengan eragin desberdina izango duela uste du. «Irabaziz gero bultzada ederra izango da, baina, galduz gero, ez dut uste kolpe larria izango litzatekeenik; erakutsi duten konfiantza eta jokoarekin, arazo gabe egingo lukete aurrera».

Gainera, kasu honetan ere, txuri-urdinek presarik eduki behar ez dutela uste du, «epe ertainera begiratuta oso talde polita dela uste baitut. Zein gazteak diren ikusita eta hartzen ari diren esperientzia gehituta, blokea mantentzea lortzen badute, gauza politak lortu ditzakete».

Ildo horretan, Guruk argi dauka emakumezkoen futbolaren garapenaren ondorio guztiak ez direla onak izango euskal futbolarentzat, batez ere Athleticen kasuan. «Talde indartsuak sartu dira, gero eta diru gehiago sartuz, eta ez da erraza jokalari onenak mantentzea. Athleticen kasuan, gainera, filosofiaren mugak daude. Bere indarra hor dago baina lana zailtzen du ere: merkatuak txikia izaten jarraitzen du eta aurkariak gero eta gehiago eta, gainera, gero eta erakargarriagoak dira», esan du.

Usteak uste eta bi taldeen egoera hain desberdina izan arren, urretxuarra ez da ausartzen faborito bat ematen, are gutxiago, emaitzarik aurreikusten. «Derbiak beti izan dira partida desberdinak, ez da mito hutsa. Soilik zenbakiak begiratzen badituzu, egia da Athleticek gehienak irabazi dituela, batzuetan gol asko sartuta, eta historikoki sailkapenean gorago ibili dela. Baina nire esperientziatik, bai zelaian bizi izan ditudan derbiak bai harmailetatik ikusitakoak kontuan hartuta, beti izan dira oso partida lehiatuak, oso parekatuak. Xehetasun txikiengatik erabaki dira sarri».

Ez du uste urteekin derbiaren aurreko motibazioa galdu denik. «Agian aldatzen dena jokoan dagoena da. Orain Realak ohiko egoerari buelta eman diola erakutsi nahiko du eta, Athleticek, berriz, bizirik jarraitzen duela, baina motibazioa hor dago, beste edozein partidatan baino askoz handiagoa. Eta zelaian nabaritu egingo da».

Athleticen ikuskatzailea

Badaki zertaz ari den, Athleticen kamiseta jantzi zuen zortzi denboraldietan hogei partida jokatu baitzituen –hamairu Ligan– Realaren kontra. 2013. urtetik futbola zelaitik at jarraitzen du baina oso gertutik oraindik ere. Entrenatzaile titulazioa dauka eta Oiartzunen aulkian jarri zen orain dela hiru denboraldi. Esperientzia «aberasgarria» baina oso exijentea, ez baitzen ogibide bakarra. «Seiretan irteten zara lanetik, zortziretan entrenatzera, asteburuan ere lana… Ez da erreza erritmo hori luzaro mantentzea», onartu du.

Zorionez, konponbide ezinhobea topatu zuen lanean eta futbolean jarraitzeko estres etengabean bizi barik. Kirol koordinatzailea da Orixe ikastolan «eta horrek entrenatzaile-lanetik gehien gustatzen zaidan aldea mantentzea ahalbidetzen dit» eta Athleticen ikuskatzailea da Gipuzkoan. «Hiruzpalau partida ikusten ditut asteburuero, behintzat pandemia etorri arte, eta oso gustura egiten dudan lana da», azaldu du.

Poliki doa eta badirudi emakumeok beti pazienteak izatera behartuta gaudela baina egia da poliki izan arren, aurrera doala

Etorkizunari begira ez du ezer baztertzen baina gaur egun duen egoerarekin «oso gustura» egoteaz gain, futbolak emakumezkoei eskaintzen dizkien aukerak erakargarriena ez direla onartzen du, «eboluzioa nabarmena» den arren. «Poliki doa eta badirudi emakumeok beti pazienteak izatera behartuta gaudela baina egia da poliki izan arren, aurrera doala», uste du Urretxukoak.

«Postu askotan ikusten ditut emakumeak: fisioak, prestatzaileak, nutrizionistak, teknikariak, ikuskatzaileak… Eta baita entrenatzaileak ere, gero eta gehiago». Hiru besterik ez daude Lehen mailan, egoera ez da askoz hobea Bigarren mailan eta gizonezkoen futbola beste planeta batean dago. Baina Gururen ustetan, «denbora kontu hutsa da. Gaur egun entrenatzaile kopuru polita dago, gero eta handiagoa, beheko mailetan, nesken zein mutilen taldeak entrenatzen. Denborarekin, esperientzia hartuta, entrenatzaile horiek goiko mailetara helduko dira. Eta denbora gehiagorekin gizonezkoen futboleko goiko mailetara ere, zergatik ez? Urrats bakoitzak gustatuko litzaigukeena baino askoz denbora gehiago behar izaten du baina ni neu behintzat baikorra naiz».