INFO

Preso eta iheslari ohiek salbuespen neurriak salatu eta mobilizatzeko deia luzatu dute

Ipar Euskal Herriko euskal preso eta iheslari ohiek salbuespeneko neurriak salatu eta 2021. urtean Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasunak irekitako bidea jarraitu behar dela nabarmendu dute. Urtarrilaren 9an Sarek eta bakegileek deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohiak Baionako Merkatuan eskaini dute prentsaurrekoa. Guillaume FAUVEAU

Ipar Euskal Herriko euskal preso eta iheslari ohiek indarrean diren salbuespen neurriak aplikatuz azken asteetan polizia frantsesak burutu dituen atxiloketak salatu dituzte eta 2021. urtean Frederic Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunak irekitako bidea jarraitu behar dela nabarmendu dute. Aldi berean, ‘Argi dugu, bakerako bidea: Orain presoak’ goiburuarekin urtarrilaren 9an Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Duela urte bat Baionako katedralean egin zuten agerraldian Gobernu frantsesak bake prozesuari ezarri «blokeoa» salatu zuten Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohiek. Gaur berriz bildu dira, pasa den urteko balantzea egin eta aurrera begira antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeko. Euskal Herrian «askatasunez bizitzeko eskubidea» aldarrikatu dute.

Baionako merkatuaren aitzinean bildu diren 40 preso eta iheslari ohiek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari «ardura historikoz jokatzeko» eskatu diote, haien iritziz, «gatazkaren ondorioen konponbide integrala lortzeko erabaki politiko azkarrak hartu eta erantzukizunez» jokatu behar delako.

Iazko balantzea

Amaitu berri den urteari begirako balantzean bi auzi nabarmendu dituzte preso eta iheslari ohiek. Batetik, Covid-19ak presoen eta haien familiengan eragin dituen ondorio «negatiboak» azaleratu dituzte, eta bestetik, Gobernu frantsesak ezartzen dituen salbuespen neurriak indarrean direla oroitarazi dute.

Covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko plangintzaren baitan, «Gobernu frantsesak milaka preso baldintzapean askatuko zituela iragarri zuen, baina terrorismoaren kontrako legedia aitzakia hartuta, euskal presoen kasuan ez da halakorik izan», salatu du Saroia Galarraga bozeramaileak.

Osasun neurrien ondorioz euskal presoen «isolamendua areagotu» egin dela jakin arazi du Galarragak eta bereziki Estatu frantsesean preso diren Ibon Fernandez Iradi eta Jon Gurutz Maiza Artolaren kasuak azpimarratu ditu. Fernandezek esklerosi anizkoitza du eta covid-19an positibo eman zuen, eta Maizak, ostera, 70 urte ditu.

Jokin Etxebarriak, berriz, Igor Uriarte, Jon Irazola, Peio Alcantarilla eta Oier Oaren atxiloketak ekarri ditu gogora. «Kide horiek guztiak erabat integratuak daude Ipar Euskal Herrian, guztiek dute lana eta familia, batzuk haurrak, eta urteak daramatzate bizitza publikoa egiten», azaldu du Etxebarriak.

Ondorioz, «preso ohien eta erbesteratu ohien kontrako salbuespen-neurriak desagertu egin behar» direla ohartarazi dute eta orain artean lortu diren urratsak mobilizazio herritarrari esker lortu direla iritzita «preso eta iheslaririk gabeko agertokia» lortzeko mobilizatzen jarraitzeko beharra aldarrikatu  dute.

Aukera berria

Iazko urteak utzi duen argazkiak «aukera» bat ere zabaldu du preso eta iheslari ohien aburuz,  «Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna berretsiz Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakiak ikuspegi berri bat irekitzen du euskal preso politikoen auziari konponbidea emateko».

Ordea, Baionako agerraldian aditzera eman dutenez, 2021. urteak «Xistorren gaineko erabakiaren luzapenaren urtea izan behar du, Jakes eta Jonen askapenarekin, Unairena ahaztu gabe, hiruek apirilaren 8an espetxeratu zituzteneko 31. urteari heltzen diote».

Bestalde, preso ohiak berriz espetxeratzea ez dutela «onartuko» azaldu dute eta baldintzapean aske geratu ostean berriz espetxeratu zuten Mikel Barriosen kasua ekarri dute gogora. Itsasun bizi den iruindarraren inguruko erabakia urtarrilaren 7an jakin araziko du epaileak.

Testuinguru honetan, «euskal preso eta iheslari politikoen alde bultzatzen ari diren ekimenetan gogotik parte hartzeko deia luzatu» dute Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohiek eta Bakegileek urtarrilaren 9an Baionan egingo duten mobilizazioarekin bat egin dute. «Herri gisa dugun borondatea adierazteko hitzordu garrantzitsua da», azpimarratu dute.