INFO

Turismo Plana hiritarren parte-hartzearekin egin behar dela dio BiziLagunEkin taldeak

Donostiako Udalaren Turismo Gida-Plana hiritarren parte-hartzerik gabe egiten ari dela salatu du BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak. Planak aintzinako ereduaren alde egiten duela ere nabarmendu du.

Zurriola hondartza jendez gainezkoa joan den abuztuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Hiriko turismo eredua zehazten duen turismo gida-plan berriak benetako parte-hartze prozesua izan dezala oinarri; herritarren eta gizarte eragileen (auzo elkarteak, talde soziokulturalak eta ekologistak, herritar plataformak etab.) parte-hartzea bermatu dadila guztioi eragiten digun gaiei errotik heltzen dien eztabaida irekia, zabala eta aberatsa izan dadin». Hau da desazkunde turistikoaren alde BiziLagunEkin plataformak Donostiako Udalari eskatu diona.

Izan ere, plataforma honek gogoratzen duenez, «turismotik etekin ekonomikoa ateratzen duten eragileen parte-hartzea aurreikusten da eta ez da biderik ematen turismo jarduerak eragindako kalteak jasaten dituztenek beren iritzia eta ekarpena emateko. Beraz, prozesu horrek, ‘parte-hartzailea’ izan beharrean, agerian uzten du, beste behin ere, turismo merkatuko inbertitzaileen beharrei soilik erantzuten dien udal kudeaketaren autoritarismo politikoa».

Turismo Gida-Planak sektore honen datozen urteotako egitasmoak eta irizpideak zehazten ditu eta BiziLagunEkin taldearen arabera, aintzinako ereduari eusten dio.

«Epe laburreko errentagarritasuna»

«Plana eguneratzeko proposamenaren arabera, turismoak izaera sistemikoa eta zeharkakoa behar du izan. Hortaz, turismoak hiri ereduan eta Donostiarren bizimoduan duen inpaktua ere halakoxea dela ondorioztatu daiteke. Sektoreak azken hamarkadan bizi izandako neurrigabeko hazkundea medio, monolaborantza turistikoaren norabidea hartu du hiriko eredu ekonomikoak eta turismo jardueraren menpeko bilakatu da Donostia. Krisialdiaren eztandak agerian utzi du, epe laburrerako errentagarritasuna bilatzen duen egungo turismo ereduak itzelezko arrakalak dituela», nabarmendu du BiziLagunEkin plataformak.

«Ziurgabetasuna nagusitzen den garai hauetan egungo turismo ereduaren ahulezia guztiak azalarazi diren arren, plana eguneratzeko proposamenak, beste behin ere, hazkundea sustatzea du helburu. Hiria merkatuaren beharrizan berrietara egokitzeko produktutzat ulertzen da, lehiakortasunean eta erakargarritasunean irabazteko moldaketak proposatuz eta baliabide publikoak erabiliz guztion onura bilatzen ez duen eredu ekonomikoari eusteko», salatu du.