INFO

Iraia Iturregi, bere aurkezpenean: «Athletic entrenatzea pribilegio bat da»

Entrenatzaile bizkaitarrak Angel Villacamparen lekukoa hartu eta lehen lan-saioa zuzendu du Lezaman. Lanean eta beren gaitasunean sinesteko eskatu die jokalari zuri-gorriei. Aulkian debuta igandean egingo du Eibarren aurkako derbian.

Iraia Iturregi, aurkezpen ekitaldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Ostegun arratsaldean izendatu zuten Iraia Iturregi Athleticen lehen taldearen entrenatzaile, Angel Villacamparen lekukoa hartuz, eta ostiral goizean zuzendu du bere lehen lan-saioa Lezaman. Egiteko lana dauka baina urratsez-urrats egin nahi du bidea: lehentasuna Eibarren aurkako igandeko derbia irabaztea da eta taldea psikologikoki errekuperatzea.

Gero, 15 egun izango ditu aurretik hurrengo partidara arte bere lan-lerroak markatzeko. Jokoari eman nahi dion estiloaz gain, jokalariek lanean eta beren gaitasunean izan behar duten konfiantzaren garrantzia azpimarratu du.

Guzti hori kontatu du Iturregik San Mameseko prentsa-aretoan, Aitor Elizegirekin eta Joseba Agirrerekin batera egin duen aurkezpen ofizialean. Presidenteak Angel Villacampa kendutik kentzea oso «erabaki gogorra» izan dela aitortu du eta Gaztela-Mantxako teknikariak egindako lana goraipatu eta eskertu du. Era berean, bere lekukoa Iturregik hartzeak pizten duen «ilusioa» azpimarratu du.

Antzeko mezua luzatu du Joseba Agirrek. Villacamparen lana ona izan dela uste arren, «egoera honetan erabaki bat hartzea beharrezkoa» zela adierazi du, «dinamika aldatzeko». Entrenatzaile berriaren hautaketa azaltzeko orduan, «batetik, hoberen trebatuta dagoena» dela esan du eta, «bestetik, denok genekien lehenago edo geroago lehen taldeko entrenatzailea izango zela».

«Futbolean askotan zaila da une egokia aukeratzea baina argi daukagu ongi trebatuta dagoela. Estamentu guztietatik pasatu da, jokalaria, kaptazioa, alebinak, bigarren taldea, lehen taldea… Kluba goitik behera ezagutzen du. Jokalaria zenean ere, kapitaina izan zen, engantxatzen zuen jokalaria zen… Ontzia hoberen gidatu dezakeen pertsona da».

Unearen egokitasunari buruz hitze gin du Iturregik berak ere. «Agian beste une bat aukeratuko nuke, denboraldi hasieran, pixkat bat geroago, zerotik hasita… Baina une perfektuak askotan ez dira existitzen. Unea hau da, gauzak horrela etorri dira eta nik uste dut errealitateari aurpegira begiratu behar zaiola».

«Batzuren ustetan "marroi" bat izan daiteke baina Athletic entrenatzea inoiz ezin da "marroi" bat izan. Athleticen entrenatzailea izatea pribilegio bat da». Gainera, «aldagelan pertsona-talde zoragarri bat dagoela» uste du. «Pertsonalki eta kirol-mailan ezagutzen ditut, badakit alde batetik zoritxarraren aurrean inoiz ez dutela amorerik emango eta, bestetik, talentu handiko jokalariak direla. Agian ez daude beren une onenean baina egoerari buelta emango diogulakoan nago, konfiantza osoa daukat».

Izan ere, aldagelan emandako lehen berbaldian konfiantzaren garrantzia azpimarratu du. «Oraindik ez dugu denbora larregirik izan –aitortu du–. Atzo gauen itxi genuen dena; izan ere, zazpietan bigarren taldearekin nengoen lanean. Gaur [ostirala] goizean Lezamara joan naiz, lehenik eta behin Angel Villacampa agurtzera. Oso harreman ona izan dut berarekin, errespetu handia diot eta entrenatzaile ona dela uste dut, zortea opa diot eta berak niri ere. Ondoren taldearekin hitzegitera sartu naiz», azaldu du.

«Batez ere, duten talentuan sinestu behar dutela azpimarratu diet. Harrobiko jokalariei ere gauza bera esan diet beti, euren talentuan sinestu behar dutela aldagela horretatik petroleo asko atera daitekeelako. Eta lehen taldekoei gauza bera. Benetan diren jokalariak direla ikusi behar dute. Eta konfiantza eduki, hau lanarekin heldu behar dela ere esan diet. Beti uste dugu konfiantza emaitzekin heltzen dela, eta argi dago laguntzen dutela, baina hori sinestea arriskutsua da. Lanean oinarrituta etorri behar da».

Lehen erronka, Eibarren aurkako derbia

Lan asko egiteko denborarik ez dauka bere lehen neurketaren aurretik, igandean bertan jokatuko baitute Athleticek eta Eibarrek Lezaman denboraldiko bigarren derbia. Horregatik, entrenatzailearen esanetan, «partida honetara begira, garaipena lortzeko egin behar ditugun gauza garrantzitsuenak eta oinarrizkoenak landu behar digutu bi egun hauetan».

Gero, «hamabost egun dauzkagu lasaiago lan egiteko, gure ideiak eta dinamikak sartzeko». Aldaketa ez da erabatekoa izango, «gabeziak konpontzeko egingo dugu lan baina ondo egiten diren gauzekin ere jarraituko dugu».

Lehen baitlehen konpondu beharreko gabeziei dagokienez, taldeak azken lau partidatan golik ez duela sartu azpimarratu du. «Gaur bertan entrenamenduan horretaz aritu gara –azaldu du–, zelaiaren azken herenean ia fin ibili ahal bagaren. Eta defentsiboki ez dizkigute hainbeste aukera egiten baina egiten dizkigutenak golean amaitzen dira. Bi alderdi horiek lehen baitlehen konpondu behar dira».

Epe ertainera begira, teknikari bizkaitarrak argi dauka zer gustatzen zaion. «Talde intentsoak, ausartak eta alaiak. Ausartak baloiarekin eta baloi barik. Trantzisio azkarrak, ofentsiboak eta defentsiboak, eta horrek esfortzu handia exijitzen du. Baina Athleticeko jokalariek oso barneratuta daukate solidaritatea», azpimarratu du.