Euskal presoak etxeratzeko itxaropen argia piztu da Baionako karriketan
Euskal presoek eta haien senideek sufritzen duten egoerarekin amaitu eta bake bidean urratsak emateko itxaropenak argitsu eta indartsu jarraitzen duela irudikatu dute 2.000 manifestarik Baionan.
Hotza zen nagusi Baionan arratsaldean, eta are hotzago Errobi ibai inguruan, baina pixkanaka gerturatzen hasi den jende uholdea bazterrak berotzen hasi da. Egiaz, giroa aspaldi hasi zen berotzen Ipar Euskal Herriko plaza eta karriketan. Bakegileek urtarrilaren 9an giro iluna argiztatzeko deia luzatu zutenetik hamaika ekimen burutu dira, besteen artean, abenduaren 26an Ipar Euskal Herriko 21 herritan antolatu ziren ekimen kulturalak edo urtarrilaren 2an Biarrizko itsasargian ekintzaile batzuk burutu zuten ekimena kasu.
Gaurkoak, ordea, antolakuntza lan handia eskatzen zuen, Covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako osasun neurriak indarrean izanda jende multzo handiak biltzeko zailtasunak direla-eta. Halere, bakegileek beste behin ere irudimena erabili eta jendea bildu ahal izateko moduko ekimen bat antolatu zuten, beste behin ere, testuingurura egokitu ziren, eta berriz ere, haien lemak zihoen bezala, «iluntasunaren erdian argi izpi bat» marraztu dute.
Izarrak Baionan
Arratsaldeko 17.50ean jada Baiona eta Baiona Ttipia banatzen dituzten lau zubiak inguratuak ziren, zortziko bi irudi batuko balira bezala, ehunka argi txikiren dirdiraz bat eginda. Antolatzaileak jo eta su aritu dira lanean manifestari bakoitzari zegokion lekua adierazten.
Baionako merkatuak batzen dituen Pannecau eta Marengo zubien artean 300 pertsonalitate ezarri dira. Ipar Euskal Herriko 38 auzapez, hautetsi eta ordezkari politiko esanguratsuk U formako lerroa osatu dute. Hala nola, Mathieu Bergé, Emilie Dutoya, Alice Leiciagueçahar eta Michel Veunac Akitania Berriko eskualdeko kontseilariak; Marie-Christine Aragon, Chantal Kherig-Cotteçon, Christophe Martin eta Sylvie Meyzenc Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilariak; Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkarteko lehendakaria, eta beste hainbat pertsonaia ezagun izan da euripean aterki zuria argiztatzen.
Ekimena hasteko bost minuturen faltan Baionako erdiguneko argiak itzali dira, eta ordura arte kantuan ari ziren lagun taldeak eta musikariak isildu egin dira. Arratsaldeko seietan, Baionako katedraleko lehen kanpai hotsarekin batera sekulako danbada eragin duen suziria lehertu da zeru ilunean.
Ekimenari hasiera eman dion txupinazoarekin parte hartzaile bakoitza, bozgorailuetatik aurrez eman dituzten kontsignak jarraituz, bere lekuan kokatu da. Bigarren eztandarekin manifestariek aterki zuriak ireki dituzte, eta hirugarren eztandak kolore anitzetako txinpartak atera ditu. «Zeruko izarrak erori dira», adierazi du liluraz begira zegoen emakume batek.
Aterki azpian mugikorren argiak piztu direnean Errobi ibai ingurua argiz bete da eta jendea «euskal presoak etxera» oihukatzen hasi da. Argi lerroen artean, traineru distiratsu batek ibaian behera Baionako erdigunea zeharkatu du. Aldi berean, bi joaldun talde sugeak bezala mugitzen hasi dira batera eta bestera, suzko lastargiak astintzen zituzten bitartean.
Sustengu politikoa zabala
Baionako merkatu plazan hartu dute hitza Jean-François Irigoyen eta Chantal Erguyk, arratsaldeko 18:15ean. Donibane Lohizune eta Aiziritzeko auzapezek 2011. urtean Aieteko konferentzia izan zenetik eman diren urratsak ekarri dituzte gogora. «Jatorri politiko desberdinetako ordezkariak bildu gara, 2011ean abiatutako bidea goresteko», nabarmendu du te.
Bidean izan diren eta egun oraindik indarrean diren zailtasunak ere azpimarratu dituzte. Horrela, Parisko Dei Auzitegiak duen jarrera salatu dute eta adibdie moduan Mikel Barrios irudindarrak bost urteko espetxe zigorra betetzeko epailearen erabakia gaitzetsi dute.
Ipar Euskal Herriko auzapezen izenean, Gobernu frantsesari zuzendu dira bi ordezkariak: «Bakerantz garamatzan bidea, presoen egoeraren konponbidetik pasatzen» dela azaldu dute, eta zera gaineratu dute, «gobernatzen gaituztenak kobentzitu beharko ditugu, behin betiko bakearen aldarrikapena zilegia dela».
Helburua lortu da
Auzapezen ostean Anaiz Funosas eta Mixel Berhocoirigoin bakegileen txanda iritsi da. Parte hartzaileak «bihotzez» eskertu dituzte, «helburua bete delako eta bi kilometroko giza katea egitea lortu delako». Antolatzaileen esanetan, guztira 2.000 ‘bakegilek’ parte hartu du giza kate argitsuan.
Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasunak piztu zuen itxaropena Mikel Barrios espetxeratzeko erabakiak ilundu duela aitortu dute, eta zentzu horretan, «bake prozesuaren kontrako neurririk» ez dutela onartuko azpimarratu dute. Hots, Bakegileen aditzera eman dutenez, «atzoko gatazkaren eta biharko bizikidetzaren artean lotura egin nahi duen bide horrek badu izen bat: 'bake prozesua!'»,
Datorren urtea urrats berriak egiteko urtea izango dela adierazi dute bi bakegileek. Helburua, «gatazkaren ondorio guztien konpontzea» dela azaldu dute eta honako esaldiarekin amaitu da hitzartzea: «Inoiz baino ozenago diogu: Orain presoak!».
Gaueko 18:30ean itzali dira argiak. Ostatuak eta dendak itxiak direnez lagun arteko agurren ostean, karrikak hustu eta iluntasuna gailendu da, izan ere gaueko 20.00etan ezarria da etxeratze agindua Ipar Euskal Herrian, eta parte hartzaileen artean baziren Zuberoa edo Nafarroa Behereko herrietara itzuli behar zuten herritarrak.
Ibai ingurua ilundu eta hotza gailendu da, baina ekimenaren arrastoa bertan geratu da eta baita txoko anitzetan ezarri ziren pankartak ere, guztiak lelo berarekin: «Argi dugu. Orain Presoak!»