Eskuin izterrean ziztada bat sentitu eta partida bertan behera utzi du Artolak
Partida hasiera kaskarra izan badute ere, 3-11 galtzen heldu dira lan erdietara, lehia gogortu eta 18-16 aurreratu direnean utzi du lehia alegiarrak.
Lesioekin batere zorterik izan gabe jarraitzen du Iñaki Artolak eta Mastersa irabazi berritan koronabirusak eta giharretan izandako lesio batek Buruz Burukoari uko egitera behartu baitzuten, Binakakoa hasi eta bigarren partida bertan behera utzi behar izan du alegiarrak eskuin izterrean ziztada bat sentitu ostean. Lehia hamaseina zela, partida guztiko lehen berdinketan, Urrutikoetxeak txokoan utzitako pilota baten bila abiatzerik ere ez du izan aurrelari gipuzkoarrak iskiotibialetan mina sentitu ostean.
Aldageletan Iñigo Simon medikuak gunea berotu eta kantxara itzuli da Iñaki Artola, baina beste tanto bat baino ez du jokatzerik izan, mina handia zelako eta lesioa larriagoa egiteko aukera handia zelako. Ondorengo orduetan egingo dizkioten frogen emaitzetara itxaron beharko da alegiarrak zehatz ze duen jakiteko, baina ezinezkoa dirudi hurrengo jardunaldian jokatzeko moduan izatea eta, teorian, Oinatz Bengoetxea edo Asier Agirrek bete beharko lukete bere zuloa Peña-Albisuren aurka. Baikoko medikuak azaldu duenez, pilotariak mugitzerakoan mina sentitzen du, ez gunea ukitzerakoan, baina oso posiblea da zuntz hausturaren bat izatea.
Lehen puntua Urrutikoetxea-Imazentzat
Gauzak horrela, ez nahi zuten moduan, baina Urrutikoetxea-Imazek txapelketako euren lehen puntua eskuratu dute oso zail jarri zaien partida batean. Aurreko astean bezala, asko kostatu zaie Zaratamokoari eta oiartzuarrari jokoan sartzea eta gauzak zuzen eginda eta Artolak pilotari beste abiadura bat sartuz, bikote gipuzkoarrak erabakigarria zirudien aldea hartu dute markagailuan lan erdietan, 3-11. Urrutikoetxea oraindik ez da erabat egokitu aurrealdeko mugimendu eta erremateetara eta Imazek ere ez du batere sendotasunik azaldu partida hasiera horretan.
Baina une zail horietan lanean jarraitzeko ahalmena izan dute eta pilotak gastatzearekin batera, partida gogortu eta erabat aldatu da. Ander Imazek nabarmen egin du gora jokoan, piloteoan nagusitzeraino eta honek Mikel Urrutikoetxeari aukerako pilota gehiago eman dizkio, baita errematean gehiago asmatu ere.
Sufrituz eta lanean jarraituz partida orekatzea lortu dutenean heldu da Iñaki Artolaren lesioa eta hortxe amaitu da 530 pilotakadetako partida.