INFO

Larunbatean hasiko dira EH Bilduren etorkizuneko ibilbidea marrazten

Larunbatean hasita eta maiatzera bitarte eginen dituzten lau batzar nagusien bitartez, EH Bilduk etorkizuneko erronka estrategiko eta politikoak marraztuko ditu. Udaberriko azken batzarrean zuzendaritza berria ere hautatuko dute.

Garikoitz Mujika eta Onintze Oleagak aurkeztu dute EH Bilduren kongresua. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Garikoitz Mujikak, EH Bilduko zuzendari nagusiak, eta Onintze Oleagak, udal politikako arduradunak, koalizioaren II. Kongresua aurkeztu dute gaur eguerdian. Larunbat honetan hasi eta maiatzean amaituko den prozesu honetan, 2017ko kongresuan hartutako erabakietan sakondu eta zuzendaritza berria hautatuko dira, besteak beste.

2021 honetan 10 urte beteko dira EH Bilduren sorreratik, orduko hauteskundeetarako Bildu legeztatu zutenetik. «Etorkizunera begira kokatu eta hamar urteko ibilbidea balioan jarriko dugu», azaldu du Mujikak. Eta ildo horretatik, ‘10 urte baino ez’ leloa aukeratu dute prozesurako. Izan ere, erronka ugari aurreikusten dituzte. «Pandemia honek erakutsi du egungo sistemak ze arazo dituen holako egoerari aurre egiteko eta Euskal Herriak soberania tresnak behar dituela aurre egiteko».

Azaldu duenez, hiru elementu nagusi garatu dituzte denbora honetan eta hauek «indartu» egin behar dira. «Subjektu politiko propioa gara, koalizio forma duena. Alderdi egitura duena eta mugimendu bokazioa». Mujikaren hitzetan, erakutsi dute «gobernu indarra izateko indar politiko bat garela, tresna politiko bat euskal errepublika sortzeko». Eta koalizioak bizi duen momentu gozoa azpimarratu du. «Gure militantziari esker herri honetan alternatiba bat gara eta ezker independentismoaren buru».

Beraz, etorkizunera begira lanean jarraitzeko hautu irmoa azaldu dute. Eta lehen pausoa, aipatutako kongresua, zein lau ekitaldi organikotan banatuko den. Lehena larunbateko batzar nagusia izanen da, bertan bozkatuko da kongresuaren araudia. Bigarren batzar nagusia otsailean eginen dute. Orduan, zuzendaritza politikoak militantziaren esku jarriko du orain arteko balantzea eta etorkizuneko ponentzia politikoa. Hurrengo bi hilabeteetan militantziak emendakinak jartzeko aukera izanen du. Azken hauek apirileko kongresuan bozkatuko dira eta, azkenik, maiatzean erabakiko da gida nork eramango duen. Hau da, zein izanen den EH bilduren zuzendaritza berria. Arnaldo Otegik dagoeneko iragarri zuen bere burua zuzendaritzarako berriz aurkeztuko zuela.

«Hurrengo hamarkada are eta garrantzitsuagoa izango da. Erronka estrukturalak izango ditugu herri bezala eta euskal errepublika lortu nahi duen erakunde gisa», berretsi du Mujikak.

Hazteko bokazioa

Oleagak, aldiz, kongresuaren inguruko xehetasunak eman ditu. Hasteko, larunbatekoa telematikoa izanen da, koalizioak prestatutako webgunearen bitartez. «Bigarren kongresu hau baliatu nahi dugu behar ditugun erabakiak hartzeko».

Eta horretarako, hainbat baliabide jarriko dituzte militantziaren esku. «Bilkideek, plataforma horretaz gain, herri batzarrak ere izanen dituzte. Kongresuaren muina izango dira. Batzar hauek pandemiak baldintzatu ditzake, baina baliabide guztiak jarriko ditugu eztabaida eta ekarpenak jasotzeko. Foro eta jardunaldi ezberdinak ere eskainiko ditugu», gaineratu du.

Helburua, beraz, aurrera begira hazten jarraitzea da. «Proiektuarekin bat egiten duten herritarrei kongresuaren herritarrei garrantzia helarazi nahi diegu». Hori bai, aurrekoekin alderatuz, kongresu honek berrikuntza bat dakar. Izan ere, orain arte izena ematea nahikoa zen parte hartzeko. Orain beharrezkoa izango da bilkide izatea. Zentzu horretan, proiektuarekin bat eginten duten norbanako guztiak bilkide izatera animatu dituzte.