INFO

Gutxienez 34 hildako, Sulawesi uhartean izandako 6,2 graduko lurrikararen ondorioz

Ehunka zauritu eta, gutxienez, 34 hildako zenbatu dituzte gauez Indonesiako uhartediaren erdialdean, Sulawesi uhartean, izandako 6,2 graduko lurrikara baten ondorioz. Mamuju hiria da kaltetuena.

Mamuju hiria da kaltetuena, lurrikaren ondoren. (FIRDAUS / AFP)

Gutxienez 34 pertsona hil eta 637 zauritu dira goizaldean Sulawesi uhartean izandako 6,2 graduko lurrikara baten ondorioz, Indonesiako uhartediaren erdialdean. Bertako 02:00ak aldera (osteguneko 19:00 GMT) gertatu zen lurrikarak herritarrak lotan harrapatu zituen, eta kalte handiak eragin ditu inguruko hainbat herritan, eraikinak eraitsi eta zubiak erori baitira; 15.000 bat desplazatu izan dira.

Erreskate operatiboa motela izaten ari da eta zailtasun handiei aurre egin behar die, makinaria astunik eta argindarrik ez dagoelako eraitsitako 300 etxe baino gehiago, ospitale bat, hotel bat eta gobernu bulegoaren artean biktimak bilatzeko.

Mamuju hiria da kaltetuena, epizentrotik 36 kilometro iparraldera, eta 26 pertsona hil dira bertan, baina ez dute zehaztu zenbat zauritu izan diren 100.000 biztanletik gorako hiri horretan.

Beste zortzi pertsona Majenen hil dira, epizentrotik 59 kilometro hegoaldera, eta gutxienez 637 pertsona zauritu dira.

Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu geologikoak, munduko aktibitate sismikoa erregistratzen duena, hipozentroa 18 kilometroko sakoneran aurkitu zuen. Dwikorita Karnawati klimatologia eta Geofisika saileko zuzendariak adierazi duenez, erabiltzen dituzten analisien arabera erreplika gogorrak gerta daitezke, eta, beraz, lurrikara berrien aurrean behera egin lezaketen eraikin altuak saihesteko eskatu die herritarrei.

Dardara bortitzak 5 eta 7 segundo artean iraun zuen, eta aurretik 5,9 graduko beste lurrikara batzuk izan ziren, hamabi ordu lehenago, eta gutxienez hiru lur-jausi eragin ditu, erreskate eta laguntza banaketa lanak zailtzen dituztenak.

2018ko irailean, 7,5 graduko lurrikara batek Sulawesi uhartea astindu zuen eta 2.000 hildako eta 200.000 desplazatu baino gehiago eragin zituen tsunami bat eragin zuen Palu eta Donggala herrietan.

Indonesia Ozeano Bareko Su Eraztuna deritzonaren gainean dago, aktibitate sismiko eta sumendi handiko gunea, non urtero 7.000 lurrikara erregistratzen diren.