Iraganeko krisiak eta emakumeen ekarpenak, aurtengo erakusketen ardatz Guggenheimen
Garai nahasietan iraganetik ikasi beharko genuke. Hor datza, antza, Guggenheim museoaren denboraldi berriaren gakoa: urtearen lehen zatian, XIX. mendeko amaierako Bilbo modernoa edo bi Mundu Gerren arteko Urte Eroak ekarriko ditu gogora; bigarrenean, emakumeok artearen historiari egindako ekarpenak.
Zortzi erakusketa berri eta oso desberdin prestatu ditu Bilboko Guggenheim museoak aurreikusten den urte nahasi honetarako. Lehena, ‘Bilbo eta pintura’ izenekoa, hurrengo astean zabalduko da, zehazki urtarrilaren 29an, eta abuztuaren 29ra arte egongo da ikusgai. Maiatzaren 7an, ‘Urte eroak, 1920ko hamarkada’ izenekoa iritsiko da. Hau, irailera arte egongo da zabalik.
2020 urte latz baten ondoren –Bilboko museoak bisitarien %70 bat inguru galdu zuen pandemiaren eraginez–, aurten gauzak pixka bat bideratuko direnaren esperantza dago. «Gure aurreikuspenen arabera, urtearen bigarren erdian normalizazio-egoera batean sartuko gara. Erakusketen arteko oreka mantentzen saiatu gara, eta baita errealitatera egokitzen», Juan Ignacio Vidarte, museoaren zuzendariaren esanetan.
Urtearen lehen hilabeteetan, beraz, iraganari begira egongo da Guggenheim museoa. Vidartek gaur goizean egin den denboraldi berriaren aurkezpenean aipatu duen legez, krisi egoera latzen osteko garaiei begirada eman nahi izan diote. Esaterako, Bilbo hiru gerra zibil eta hiri pandemia jasan zituenean, XIX. mende hasierako abangoardia sortu zen; eta Urte Zoroak, lehenengo Mundu Gerrak eta espainiar gripeak eragindako traumen erantzuna izan ziren.
Irailetik aurrera, emakumeak protagonista bihurtuko dira museoan, bi erakusketa indartsuekin. Lehena, Alice Neil estatubatuar erretratugile bikaina eta gurean ezezaguna denari eskainiko zaiona. Bigarrena, Pariseko Pompidou zentroarekin batera egindakoa, ‘Emakumeak abstrakziogile’ izenpean. «Museoak, bere programazioarekin, uneko gai garrantzitsuenei erantzun nahi die; eta gure gizartean emakumearen presentzia oso garrantzitsua da», aipatu du Vidartek. Honekin, aurreko erakusketa batek jasotako kritikek ‘arantza’ –emakumeen presentzia murritzagatik–, kendu nahi izan dute udazkenean zabalduko erakusketa handi honekin.
‘Bilbo eta pintura’
Kosme de Barañano da erakusketa honen komisarioa. XIX. mende amaieran, Bilbo estatuko hiri oparoenetako bat bihurtu zen ontzi-industriari eta industria siderurgikoari esker, baina baita bere merkataritza, banku eta kultura-jarduerari esker ere. Beren lanetan frantziar inpresionismoaren eta, ondoren, abangoardien modernitate-ideiak txertatu zituzten euskal sortzaileen ideiak dakarzkigu erakusketa honek XIX. mendearen amaieran eta hogeigarrenaren hasieran Bilbon lan egin zuten zenbait artistaren neurri handiko margolanen bidez.
Lan horiek margolan panoramiko handiak dira, eta Bilboren historiako une oso desberdinak irudikatzen dituzte: merkataritza-ontziak itsasadarrean eta aisialdiko terrazak; burgesen eta baserritarren bizimodua; arraunlariak eta estropadalariak; bataio-festak eta baserrietako uzta-bilketa; heriotza itsasoan eta gerran; kiroletako heroiak edo portuko eguneroko zereginak.
Urtarrilaren 29tik abuztuaren 29ra egongo da ikusgai.
Alex Reynolds, Cecilia Bengolea eta Sharon Lockhart
Bilbotarra jaiotzez, gaur egun Bruselan bizi da Alex Reynolds artista eta zuzendaria. Nazioarte mailan arras ezaguna, gizakion gorputza du ikerketa-gai. Eta dantzak, berebiziko garrantzia du berarentzat. Otsailaren 19tik ekainaren 13 bitartean, bere lana 103 gelan egongo da ikusgai ‘Bada lege bat, esku bat, abesti bat’ izenburuko erakusketan. Bere lanak zabalduko du ikus entzunezkoei programazioak eskaintzen dion atal propioari.
Manuel Cirauqui arte-arduradunak aipatutakoaren arabera, zirraragarriak izango dira, era berean, atal honetarako prestatu dituzten beste bi proposamen. Lehena, Cecilia Bengolea artista eta koreografo argentinarraren Jamaika uharteko ‘dancehall’ kulturaren inguruan egindako ikerketa (‘Tximista da dantza’, ekainak 24tik irailaren 26ra) eta bigarrena Sharon Lockhart estatubatuarrak Noa Eskhol koreografo israeldarra protagonista hartuta landu duen lana (Noa Eskhol's Movement Notation’, urriaren 7tik 2022ko otsailaren 27ra arte).
Urte Eroak, 1920ko hamarkada
Kandinskyri eskainitako atzera begirada ikusgarria maiatzera arte ikusteko aukera izango dugu. Gero, 2021eko erakusketa nabarmenenak hartuko dio txanda. Diotenez, gaur jasaten ari dugun pandemiaren ostean, 1920ko hamarkadaren hantzeko zerbait bizi izango dugu. Hamarkada hartan, gaur egungoak baino aurrerakoiagoak ziren planteamenduak egin ziren alor askotan: arkitekturan, hirigintza planetan, gizarte eredutan...
Petra Joos komisarioaren esanetan, «oso aurreratuta zeuden garai horretan. Guk uste dugu guk asmatu ditugula hainbat gauza, esaterako feminismoa, gure gorputzarekiko erlazioa, askatasun sexuala, modernitatea arkitekturan eta modan... baina orduan asmatu zituzten». Zazpi ataletan banatuta, gai arras desberdinak ukituko dira... ez soilik arteari dagokionez. «Erakusketa zirraragarria izango da, oso erakargarria, dantzaleku bat izango duelako, garai musika desberdinekin, musika kultutik hasita charlestonera edo jazz doinuetara iritsi arte», komisarioaren esanetan.
Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa, Calixto Bieitok, prestatu du erakusketaren ‘itxura’. Erakusketa maiatzaren 7tik irailaren 19ra bitartean egongo da ikusgai eta Guggenheim Bilbao Museoak eta Kunsthaus Zürich museoak elkarlanean antolatu dute.
Asmamenaren ildoa
Museoaren Bilduma Propioko obretako batzuk aztertzen ditu, baita epe luzerako maileguetako batzuk ere, eta haien guztien bereizgarri komunak umorea, asmamena eta esperimentazioa dira. Ikusi daitezkeen lanen artean, Yoko Onoren Hichiko Happo, jendaurreko performance batean margotutako bederatzi mihisez osatutako lan bat. Erakusketa ekainaren 11an hasi eta 2022ko otsailaren 6ra arte luzatuko da.
Alice Neel
Kubako emakume bat eta bere semeari eginiko erretratu batekin hasi eta Alice Neel (1900-1984) artista berak, 80 urterekin, biluzik eta bere buruari egiten dion erretratuarekin bukatzen da udazkeneko erakusketa interesgarria. Lucia Agirre komisarioak aipatu duen arabera, aspaldidanik zebilen museoa egile honen atzera begirada bat egiteko asmoarekin. Estatuan eskaintzen zaion lehena da gainera, eta irailaren 17tik 2022ko urtarrilaren 23 bitarte egongo da Bilbon. «Ikusleentzat ezuste handia izango da», Agirreren esanetan.
Zazpi mendeetan zehar AEBn oso ezaguna eta Europan, ordea, ia ezezaguna den pintora erradikalaren ibilbidea ikusi ahal izango dugu aurrez aurre. Justizia sozialaren defendatzaile, printzipio humanistekin hartua zuen konpromiso irmoak inspiratu zituen bere bizitza eta obra, eta horren erakusgarri ditugu aurkezpen honetan bildutako ehun pintura, marrazki eta akuarelak. Erretratuak egiten zituen, kaleko jendearena, eta moda eta zirkulu artistikoetatik bizi izan zen. Nahita, horrela erabaki zuelako.
‘Alice Neel: People come Firs’ (jendeak du lehentasuna bezala itzuli daitekeena), irailaren 17tik 2022ko urtarrilaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Emakumeak abstrakziogile
Pariseko Centre Pompidou eta Bilboko museoaren arteko elkar lanetik sortu da erakusketa hau. Helburua: «Inork kontatu ez duen artearen historia kontatzea, batez ere XX. eta XXI. mendeetakoarena, eta emakume artistek abstrakzioari egindako ekarpenean jartzen du arreta». 100 bat artista biltzen ditu, hainbat diziplinatakoak (esaterako, dantza, arte aplikatuak, argazkilaritza, zinema eta performancea), eta munduko eremu askotakoak (Latinoamerika, Ekialde Ertaina, Asia, Europa eta AEB); haien bidez, ahots ugariz osatutako historia hedatua eta konplexua aurkeztu nahi du.
Batzuk beraien burua feministatzat jotzen zuten, beste batzuk ez, ordea. Lekha Hileman Waitoller komisarioaren esanetan, atzera begirada honek duen interesa hor datza: «Artista bakoitzak artea eta generoa hori nola uztartzen eta barneratzen zuen ekarri dugu erakusketara, eta horrek hausnarketarako bideak zabaltzen ditu».
Euskal Herritik, Esther Ferrer performance-egilea gehitu zaio Bilboko erakusketara. Aurelia Muñoz katalanaren lanak ere ikusi ahal izango dira.