Dozena bat abesti eta bideoklip, guztiontzat moduko mundua josteko
“Mundu berri bat guztiontzat” izeneko lana aurkeztu du Bizipoza Elkarteak gaur goizean Hernanin. 34 euskal sortzailek elkarlanean osatu dute hamabi abestiz eta hamaika bideoklipez osatutako lana.
«Hilabete batzuetan utziguzue ume izaten, hilabete batzuetan utziguzue aske izaten», abesten dute Aitor Gorosabelek eta Miren Narbaizak. Hitzak Aner Euzkitzek jarri dizkio abestiari eta errealitatea Oporrak Bakean elkarteak. Saharako haurrek oporrak Euskal Herrian pasatzeko modua egiten duen elkartea da.
«Min eta bizimin, minbiziaren bi kriskitin. Zu, ausardia, eredua, bizipoza. Gu, familia, maitasuna ta bihotza». Amaia Agirre bertsolariak hitzak jarri dizkio haurren minbiziaren errealitate latzari eta Eñaut Elorrietak abesten ditu hitzok erraietatik. Aspanogi eta Aspanovas elkarteek lan ikaragarria egiten dute haurren minbiziaren inguruan, minak jasotzen, minak pausatzen, patxada eskaintzen.
“El Drogas”-ek eta Oihana Fernandez Iturrik modu indartsuan abesten dutenez, «askotan gara ikusezin, gure ezinak ikusi ezin. Zabal itzazu begiak, nun, ia ikusten gaituzun». Julio Soto bertsolariak Hiru Hamabi elkartearen inguruan jositako hitzak dira. Hiru Hamabi Elkarteak jaio ostean garuneko kaltea jasan duten adin txikiko familiak batzen ditu.
Bizipoza Elkartearen azken proiektuak elkarteak eta sortzaileak elkarren artean korapilatu ditu, batzuen errealitateari besteek hitzak eta ahotsak jarri dizkiete eta emaitza ederra da: Elkarte horien egunerokoa gizarteratzen, bistaratzen, ulertzen laguntzen duten abestiak eta bideoklipak.
Letragile eta abeslari sonatuak
Bizipoza Elkartea 35 elkartek osatzen dute eta lehen txanda honetan horietako hamaika dira protagonista. Esanda bezala, euskal sortzaileek idatzitako eta abestutako abestiak dira proiektuaren zutabea. Kantu guztien konpositorea Xabier Zabala izan da. Letragileak, berriz, Euskal Herriko hamabi idazle eta bertsolari; Bihotz Gorospe, Nerea Ibarzabal, Leire Bilbao, Unai Iturriaga, Maddalen eta Amets Arzallus, Miren Amuriza edota Arkaitz Estiballes, besteren artean. Abeslarien artean ere aurpegi oso sonatuak daude; Yogurinha Boroba, Xabi Solano, Anabel Arraiza, Mikel Urdangarin, Gari, Josu Zabala, Aiora Renteria, Itziar Ituño, Andoni Tolosa edota Maite Larburu kasu. CD-DVDa laguntzen duen liburuxkan elkarte bakoitzari buruzko informazioa, ilustrazioa eta argazkia bera topa daitezke. Bideoak Arena Ekoiztetxeak egin ditu.
Hamabigarren abestia, berriz, gainontzekoen apartekoa da. 2020an hil zen eta Bizipozako talde eragileko parte zen Joxe Mari Auzmendiren omenez sortutako abestia da, Auzmendiren beraren poema bat oinarri hartuta. Andoni Tolosak eta Maite Larburuk abesten dutenez, «Hartu amets bat eskutan eta joan zaitez bere atzetik». Eta horretan ari da Bizipoza Elkartea, bere ametsaren atzetik, “Mundu berri bat guztiontzat” eraikitzen.