Txikonek Manasluko 2. kanpamenturainoko ekipatze-lanak hasi nahi ditu ostegun honetan
Alex Txikon eta bere taldeak Manasluko 1. kanpamentuan pasako dute gaua eta ostegun honetan 2. kanpamenturako bidean igaro beharko duten «pitzadura itsusi eta korapilatsu» bati aurre egin ahal izateko materiala jasotzea espero dute.
Lau orduko igoera eta «esfortzu handia» egin eta gero, Alex Txikon eta bere taldea Manaslu mendiko 1. kanpamentuan (5.800 metro gutxi gorabehera) ari dira gaua pasatzen. Mendizale lemoarrak adierazi duenez, material asko igo dute. «Jipoi handia izan da iritsi garen bezala dena muntatu behar izatea eta sekulako hotza egiten du. 20 gradu zero azpitik, baina ondo eta oso animatuta gaude. Eguraldiak laguntzen badigu, datozen egunetan gora egiten jarraitu ahal izango dugu» azpimarratu du Txikonek.
Lehenago oztopo handi bat gainditu beharko dute: 1. kanpamentua eta 6.500 metro inguruko altueran jarriko duten 2. kanpamentua bereizten dituen «pitzadura handi, itsusi eta korapilatsu» bat, alegia. «3 eskailera ditugu, baina gehiago beharko ditugu pitzadura pasatu ahal izateko», adierazi du irratiz mendizaleak.
Azken astean ekaitz batek haizea, hotza eta elurra ekarri zizkien, eta horrela 2. kanpamentua ahalik eta lasterren hornitzeko helburua zapuztu egin zitzaien. Hala ere, badirudi eguraldia, hori bai, alde dutela oraingoz: «Uste baino haize gutxiago dugu eta aurrera egin ahal izan dugu. Ea hurrengo orduetan denak berdin jarraitzen duen. Gaur gaua hemen igaroko dugu eta egunak argitu eta berehala berriro martxan jarriko gara 2. kanpamenturaino ekipatzen saiatzeko».