INFO

Bizkaia txapelketako finala aldatu behar izan dute araudiaren interpretazio oker batengatik

Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendik jokatuko dute finala Leire Garai eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka, nahiz eta hasiera batean Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirrek egingo zutela iragarri.

Astelehenean egindako material aukeraketak ez du ezertarako balio, Arizabala eta Agirrek –urdinez– ez dutelako azkenean finala jokatuko. (BIZKAIA PILOTALEKUA)

Txapelketako antolatzaileek aurreko astean egindako akatsa onartu eta Bizkaia pilotalekuan igande honetarako iragarria dagoen Emakumeen Bizkaia txapelketako finala aldatu behar izan dute. Hasiera batean partida hau Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre eta Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendik jokatu behar bazuten ere –astelehenean material aukeraketa eta guzti egin zuten–, pilotari batek egindako erreklamazioaren ostean, lehen bikotea kanpoan geratu eta Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendi izango dira gasteiztarraren eta Eulatekoaren aurka arituko direnak.

Gaizki ulertua ligaxkan puntu berdinketa kasuak apurtzeko dagoen araudiaren interpretazioan sortu da eta antolatzaileek arrazoia eman behar izan diete erreklamazioa aurkeztutako pilotariari. Kontua da multzoko hiru bikoteek –Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi, Arrizabalaga-Agirre eta Iera Agirre-Bergarak– garaipen banarekin amaitu zutela ligaxka horretan eta kasu horretan antolakuntzaren ustez tantorik gehien egin zuen bikoteak lortu behar zuela txartela. Honek, ordea, ez zuen berdinketa desorekatzen, lehen bi bikoteek 35 tanto egin baitzituzten. Gauzak horrela, Gernikakoa eta zestoarra euren arteko partidan garaile irten zirenez, finalerako sailkatuak eurak zirela esan zuen antolakuntzak.

Erreklamazioa onartuta

Baina kanpoan geratutako pilotariak konforme ez eta kexa jarri ostean, antolatzaileek legedia berriro ere irakurri eta kontuan hartu beharrekoa egindako eta jasotako tantoak zirela ondorioztatu eta hau Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiren (+4) aldekoa zenez –Arrizabalaga-Agirrerena 0koa zen–, euren hasierako erabakian atzera egin eta finalistak Otxandiokoa eta nafarra zirela erabaki zuten.

Erreklamazioa onartu ostean, txapelketaren antolatzaileek «barkamena» eskatu zuten euren erabaki okerrak sortutako kalteengatik. Gauzak horrela, partidarako material aukeraketa berria igandean, goizeko 11.00etan, egingo da, finala hasi aurretik.