INFO

Gernika garaile, IDK Euskotren ikaragarri eta Araski ezinean urtarrileko azken jardunaldian

Donostiarrek luzapenean galdu dute Perfumerias Avenida liderraren etxean. Lointek Gernika Bizkaiak airean eraman du Zamarat azken sailkatua eta Kutxabank Araskik, berriz, Kanaria Handiaren aurka oso porrot mingarria nozitu du, beti atzetik eta zorterik gabe.

IDK Euskotrenek oso estu hartu du Perfumerias Avenida liderra, luzapenean galdu badu ere. (Andoni CANELLADA / FOKU)

PERFUMERIAS AVENIDA 80 - IDK EUSKOTREN 76

Porrot guztiak ez dira berdinak eta Perfumerias Avenidak arnasa sakon hartuko zuen IDK Euskotren bikain bati irabazi ostean. Egia da Perfumerias Avenidak covid-19arekin eta Euroligako neurketekin asteon nahikoa buruko min izan duela. Alabaina, IDK Euskotrenek Salamancan lan bikaina egin du, aurreneko erdian batez ere. Azu Muguruzarenek begietara begira jokatu dute Emakumeen Ligako liderrari, bere etxean gainera. Laura Garcia, Delaere eta Miriam Coulibaly izan dira gipuzkoarren jokalaririk onenk aurreneko 20 minutuetan, baina garrantzitsuena taldelana izan da. Alegia, errebotea zaintzeko orduan, aurkariari baloiak ohosteko ahaleginetan edota baloia mugitzeko gogoz, donostiarrek saskibaloian ongi asko dakitela erakutsi dute, nahiz eta aurrean Euroligako aurkari bat izan.

Atsedenaldira 27-35 aurretik iritsi da IDK Euskotren, baija bigarren erdia oso luze egin zaio. Talde jokoa ahaztu gabe, Roberto Iñiguez de Herediaren neskek beren kalitatea plazaratu dute, Tiffany Hayes eta Katie Samuelsonen eskutik batik bat. Horiek hala, Salamancakoek buelta eman diote partidari, 25-8ko partziala sartuz talde donostiarrari. Amets gozotik esnatuta, laugarren laurdenerako 52-43ko emaitzari aurre egin behar izan dio Azu Muguruzaren taldeak.

Hala ere, ez da txarto hasi azen laurden hau, 0-4ko partziala erdietsi baitu IDK Euskotrenek. Are gehiago, beste estutu bat eman dio markagailuari eta 57na berdindu du ere, Joyce Couseeins-Smithen eskutik. Ez da, ez, berriketarik izan Würzburg pabilioiko azken minutu horietan. Kolpez kolpe, nahiz eta ekimena etxekoek eraman beti, IDK Euskotren beti izan da kapaz markagailua berdintzeko eta, hala, 36 segundoren faltan 66nako berdinketa gertatu da, Cousseins-Smithen bidez, hor ere.

Hutsartea eskatu du Roberto Iñiguezek. Jokaldia ongi atera zaio Salamancako taldeari eta Maite Cazorlak 68-66koa sartu du. Hutsartea, beraz, Azu Muguruzak 22 segundoren faltan. Delaere belgiarrak 68konakoa eta hara, azken 16 segundoetan saskiraketarik ez eta luzapena non eta Perfumerias Avenidaren etxean, alajaina!

Ez hori bakarrik, luzapenaren hasieran ekimena berriz ere eskuratu baitu talde donostiarrak. Laura Garcia eta Joyce Couseins-Smithek eskumutur fina dutela erakutsi dute beste behin. Tamalez, 70-72 aurreratu ostean 8-0eko partziala lortu du etxeko taldeak, Katie Samuelson eta Silvia Dominguezen eskutik. Bultzaka, 78-76raino estutu dute gipuzkoarrek markagailua, baina Hayesek jaurtiketa libreen marratik ez du barkatu. Hala, ezin izan du gehiago egin IDK Euskotrenek, baina etorkizunera begira, onenei ere begietara begira joka dezakeela erakutsi du.

QUESOS EL PASTOR ZAMARAT 57 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 80

Behar bezala amaitu du Lointek Gernika Bizkaiak denboraldiaren aurreneko erdi hau, eta otsailaren 11ra arte jokatu beharreko azkeneko dema hau nahi bezala eraman dute, aurreneko minutuetako lozorroa pasa ondoren.

Izan ere, Emakumeen Endesa Ligako azkenaren aurka jokatu du talde bizkaitarrak, baina belarrondoko bat behar izan du esnatzeko. Hasi eta berehala Zamorako taldea 10-4 aurreratu da Wolf eta Marina Lizarazuren bitartez. Hantxe amaitu dira berriketak, eta ia partida bera ere bai.

Markagailua kontra dela, Mario Lopezek hutsartean gauzak argi esan behar izan ditu partidaren norabidea zuzentze aldera. Gauzak argi esan, Nogaye Lo kantxara atera eta partidari buelta ematea dena bat izan da. Bizkaitarrek 6-18ko partziala erdietsi dute, eta bigarren laurdenari 17-22ko markagailuaz ekin.

Bistakoa da ez direla aurretik jartzeaz konformatu gernikarrak, eta defentsan ito egin dute aurkaria, Marina Lizarazu antolatzaile batik bat. Erasoan, berriz, Margaret Roundtreek hartu du puntuak sartzeko lekukoa; eroso asko sentitu da hegal-pibot estatubatuarra eta atsedenaldirako 10 puntu pilatu ditu. Partida, berriz, nahikoa bideratuta laga du Gernika Bizkaiak aldegelatara bidean: 25-39.

Duela astebete Donostian lanak eman zituen Zamorako taldeak, baina ostiral arratsalde honetan ezin izan du Gernika Bizkaiaren defentsarekin. Makina bat bider geratu dira etxekoak saskira jaurtitzeke eta bien bitartean, bizkaitarrek aldea handitu baino ez dute egin, Angela Bjorklund jokoan sartuta. Partidaren amaierarako, nahiz eta azken laurdena lasai hartu, 25 puntu inguruko aldea ere zabaldu dute Mario Lopezenek. Milica Ivanovicek izan ezik, beste guztiek saskiratze bat lortu dute gutxienez, baita Marta Alberdi gazteak ere.

Cornelius, Arrojo, Ginzo eta Nogaye Lo beren selekzioekin jokatzersa joango dira, gainontzeko jokalariek otsailaren 11ra arte atsedena eta berriz puntuan jartzen ariko diren bitartean.

KUTXABANK ARASKI 72 - SPAR KANARIA HANDIA 80

Amaitu da urtarrila Kutxabank Araskirentzat ere, eta hobe. Amaitu dadila eta atzean geratu dadila behingoan. Kanaria Handiak merezita irabazi du eta arabarrak zortzigarren posturako beren borrokan katiatua geratu dira 9 garaipenekin. Denbora osoan atzetik eta harrapatu ezinik ibili dira Made Urietarenak eta azkenean ez dute saririk izan.

Ez harritzekoa Kanaria Handiak errebote asko hartzea, baina errebotean 22-41 inposatzea, bai. Ez da harritzea sparkle Taylorrek 24 puntu sartzea, baina ostiral honetan Maria España hegalekoaren hirukoek eta Marta Hermida antolatzailearen puntuek min handiagoa eman diote Araskiri. Izan ere, Araskik Tamara Seda eta Laura Quevedoren bitartez ia beti erantzun dute kanariarren erasoen aurrean, baina Hermida tea Españaren saskiratzeek ez dute erantzunik aurkitu. Hala, kanpokoek aurreneko hiru laurdenak irabazi dituzte, alde txikiaz izan bada ere, eta laugarren laurdena berdindu baino ez du egin Araski, gutxiegi hainbeste behar duen hamargarren garaipen hori lortzeko.