INFO

Haizea alde zutela, gupidarik ez dute izan Olaizola II.ak eta Rezustak (2-22)

Normalean baino tako gehiagorekin eta freskoago aritu den aurkari baten aurka, Martijak ezin izan dio pilotarik kendu goizuetarrari eta honek erakustaldia eman du errematean kolore bakarreko partidan.

Minik izan ez badu ere, pilotarik gozatu ezinda aritu da Martija. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Txapelketa batean oso gutxitan ematen den jipoi horietako bat jaso dute gaur Erik Jakak eta Julen Martijak, Buruz Buruko eta Binakako egungo txapeldunek, aurreko asteko arantza kendu duten Aimar Olaizola eta Beñat Rezustaren eskutik. 2003. urteko Binakakoan Asier Olaizolak eta Patxi Ruizek Iruñeko Labriten Mikel Goñi eta Elkorori 22-2 irabazi zietenetik ez zen gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan eman den bezalako emaitzarik. Sari esan ohi da zenbakiek ez dutela beti dena adierazten, baina gaurko markagailuak ez du eztabaida askorako betarik uzten.

Izan ere, kolorerik gabeko, kolore bakarreko, urdineko, partida hobeto esanda, izan da Bilbon jokatutakoa. Astebete lehenagoko leku berean kolpe latza jasota zetozen Baikokoak, baina lehen tantotik argi utzi dute hura ahaztua zutela Olaizola II.ak eta Rezustak, atzelariak dejadaz egindako tanto dotore bati esker. Baina beste bat da Bergararraren eginkizuna, atzean agintzea da bere dohain nagusia eta aurrekoetan ez bezala, fresko eta eraginkor aritu da. Hiru pilota ere jarri ditu errebote inguruan, lau eta erditik errebote garbi bat ere jo du, eta hori Miribillakoa bezalako pilotaleku luze batean bada zerbait, baina atzelari gipuzkoarraren benetako hobekuntza zenbaiterainokoa den aztertu ahal izateko beste atzelari baten aurka ikustea falta zaigu.

Izan ere, gaur parean izan duen Julen Martija ez da Binakako txapela jantzi zuen pilotaria. Profesionaletan laster egingo ditu lau urte Etxeberrikoak eta aurreko astekoa izan zuen, eskuko minez, suspenditutako lehena eta bere itzuleran ezinean aritu da. Partida amaituta, eskuan batere minik ez duela nabaritu azaldu du, baina baita onartu ere, normalean baino tako gehiago jarrita, pilota gozatu ezinik aritu dela.

Lehen tantotik ezin hori nabaria izan da kantxan, Aimar Olaizolari aukerako pilota asko utzi baitizkio lehen bi koadroetan eta Goizuetarrak ez du gupidarik izan. Oso luze jota, zazpiaren marra bikain bilatuz, sakearekin ere min handia egin dio Aimarrek eta sake-errematean ere tanto piloa lortu ditu. Pentsa, aurreko astean airez tantorik egiteko modurik izan ez bazuen, gaur bederatzi lortu ditu ezker gantxoz.

Eta gauzak horrela, partida aitaren batean eraman dute euren aldera. 0-15eko partzial batekin zalantzarako tartea erabat murriztu dute eta gorriek ere apenas izan dute erreakziorako modurik, Baikokoek ez direlako apur bat ere lasaitu. Erik Jaka saiatu saiatu da gantxoz eta airez partida nahasten, baina oso salduta egon da une oro eta ez du ezer egiterik izan.

Bihar, Tolosan

Bosgarren jardunaldia bihar amaituko da Urrutikoetxea-Imaz /Altuna III.a-Mariezkurrena II.a partidarekin, baina ez igarri bezala Amezketan, baizik eta Tolosako Beotibarren. Udaleko langileak egoera konpontzen saiatu diren arren, Larrunarriko hezetasuna ez da erabat desagertu eta partidako orduan dena lehor egongo denaren bermerik ez dagoenez, nahiago izan dute ez arriskatu eta partida Tolosan jokatzea. Bigarren itzuliko partida bat Amezketan jokatzeko konpromisoa hartu du Aspek.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Martija: 2

Olaizola II.a-Rezusta: 22

Pilotakadak: 278. Iraupena: 36,33 minutu. Markagailua: 0-15, 1-15, 1-17, 2-17, 2-22. Sakeak: 1 Olaizola II.ak. Tantoak: 10 Olaizola II.ak, 6 Rezustak eta 1 Jakak. Hutsak: 1 Rezustak, 4 Jakak eta 1 Martijak. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu da partida.