Borràs (JxCat), CUPekin «etsita», bere hautagaitza zalantza jarri duelako
Laura Borràs JxCat-eko hautagaiak «etsipenez» hartu du CUPek agerturiko zalantzak eta 2018an Jordi Turulli presidentziarako bidea itxi ziolako «minduta» agertu da. Zer da zehazki CUPek esan duena?
Eztabaida estrategikoez gain, beste kontu batzuetan nabariak dira Kataluniako indar independentisten arteko desadostasunak. Gaur asteazkenean «etsita» eta «minduta» ageri da Laura Borràs, JxCat-eko Generalitateko hautagai nagusia, CUPek berarekiko azaldu dituen zalantzak direla eta.
Jakina denez, Espainiako Entzutegi Gorenean auzipetuta dago Laura Borràs, besteak beste «iruzurra» eta diru publikoa xahutzea egotzita. Auzia argitu gabe egoteak CUPek laguntza ematea zailtzen duela adierazi zuen elkarrizketa batean Dolors Sabater ezkerreko indarraren hautagai nagusiak.
Sabaterrek gero adierazi zuenez, «independentismoak ezin du zalantza izpirik utzi. Hala ere, CUPetik jartzen dugun beto bakarra aurreko hiru urteko gelditzearen kontrakoa da», zehaztu zuen, nolabait Borràsen gainetiko eztabaidari indarra kenduz.
JxCat-eko president-gaiaren ustez, ordea, tristea da CUPek hartutako jarrera. Bere hitzetan, «espainiar bidegabekeria eta demokrazia katalanaren artean hautua hartu beharko luke» indar horrek.
«Etsita» sentitzen dela berretsi du Borràsek: «CUPekoak nere ondokoak direla uste dut eta zure ondokoek huts egiten dutenean etsita egotea normala da».
Hona iritsita, bere garaian (2018an, aurreko hauteskundeen ondoren) kartzelara joateko arrisku larrian zen Jordi Turullen hautagaitza ez zuela babestu leporatu dio CUPi. «Oso mingarria izan zen hura; CUPen esku zegoen Turull Gorenera Generalitateko buru gisa joatea edo independentismoak garaitutako pertsona gisa», laburbildu du Laura Borràsek.