INFO

Hondarribiko Udalak Zaldunbordako erreka kutsatu zuen luizia ezkutatu duela dio Abotsanitzek

2019ko abenduan Zaldunbordako zabortegia zigilatzeko lanetan izandako luizi batek «urtebete baino gehiagoz luzatu ahal izan den» kutsadura eragin du Zokueta errekan Abotsanitzek salatu duenez. Hondarribiko Udalak gertaera hauek ezkutatu dituela kritikatu du udal taldeak.

Zaldunbordako zabortegian izandako luizia. (ABOTSANITZ)

Zaldunbordako zabortegia zigilatzeko lanetan izandako luizi batek «urtebete baino gehiagoz luzatu ahal izan den» kutsadura eragin du Zokueta errekan, Abotsanitz Hondarribiko udal taldeak argitu duenez, Uraren Euskal Agentziaren 2020ko abenduko ebazpen batek hala konfirmatzen duela esanda.

Ebazpen horretan azaltzen denez, 2020ko otsailean eskatu zion Urak Higertokiri «lurirristatzeak direla eta Zaldunborda errekastoaren urjentziazko garbiketa lanak» egiteko. Hala ere, udal taldeak gaitzetsi du hamar hilabete ondoren arazo hori konpondu gabe zegoela. «Zigilatze-lan horiek geldirik daude aspalditik, eta, irristatzeen ondorioz, errekaren ertza ezegonkor dago eta berezko izaera galdu du, eta errekan eragina izan dezaketen lixibiatuak daude», dio Uraren idatziak.

Luizia 2019ko abenduaren erdialdean gertatu zen, Higertokik sustatutako merkataritza gune erraldoia eraiki baino lehenago egin beharreko zigilatze-lanetan. «Otsaileko eskaeratik zortzi hilabetera, urrian, erreka kutsadura jasaten ari zela antzeman zuen Urak, eta enpresari berriro eskatu zion errekastoaren ertza lehengoratzeko, lixibiatuak behar bezala biltzea barne», esplikatu du Abotsanitzek.

Hala, azaroan errekan higadura saihestea helburu zuen plana aurkeztu zuen Higertokik, baina lan horiek oraindik ez direla hasi baieztatu du Hondarribiko alderdiak. «Abotsanitz Udal Taldeak oso larritzat jotzen du hamalau hilabetetan inork ezer egin ez izana Zokueta errekaren kutsadura eragin duen luiziaren ondorioak zuzentzeko. Eta bitarte honetan Hondarribiko Udaletik ez da gaiari buruzko komunikazio bakar bat ere atera. Are gehiago, udal gobernuari zigilatze-lanei buruz galdetu diogunean, ezkutatu egin ditu gertaera hauek», salatu du, eta Lakuako Ingurumen sailarekin harremanetan jarri dela jakinarazi du, egoera azal diezaion.

Horrez gain, Abotsanitzek dio Higertokik luiziaren ondorioz eten zituela Zaldunbordako mega-outletaren eraikuntza lanak.