INFO

Alade Aminu eta Bilbao Basketen arteko lan harremana amaitu da

Ondrej Balvin min hartuta zegoenean fitxatu zuen Bilbao Basketek Atlantan jaiotako pibot nigeriarra. Txekiarra osatu delarik, Aminu lekurik gabe geratu da Alex Mumbruren lantaldean. Orotara sei partida jokatu ditu abenduaren erdialdetik hona, larregi nabarmendu gabe.

Alade Aminu, Gipuzkoa Basketen aurkako euskal derbian, joan den urtarrilaren 2an. (A. ARRIZABALAGA / ACB PHOTO)

Lesiotik osatu ostean Ondrej Balvin itzuli delarik, Alade Aminu pibot nigeriarra lekurik gabe geratu da RETAbet Bilbao Basketeko jokalarien taldean. Hala, talde bizkaitarrak eta Aminuk kontratu harremana bukatutzat eman dute.

Joan den abenduaren erdialdera etorri zen pibot afrikarra, Balvin min hartuta zegoelako. 33 urte eta 2,11 metroko morroskoa, Atlantan jaioa baina Nigeriako pasaportea eskuan; hau da, pasaporte komunitarioa «Cotonuko hitzarmenean» onartutakoari jarraituz, bi hilabeterako fitxatu zuen talde bizkaitarrak ACB Ligan eta FIBA Basketball Champions League delakoan laguntzeko.

Joan zen denboraldian Poloniako Polski Cukier Torun taldearekin batez beste 13,3 puntu eta 6,3 errebote lrtzetik zetorren. 

Jakina zen Balvin itzuli arte bakarrik geratuko zela, baina John Jenkinsek ez bezala, Aminuk ez du lortu denboraldia amaitu arteko kontraturik. Hala, ACB Ligan bost partida jokatu ditu eta batez beste 13 minutu, 6,2 puntu eta 1,8 errebote pilatu ditu nigeriarrak.

FIBA BCLko ligaxkan, berriz, partida bakarrean hartu zuen parte pibotak: joan den urtarrilaren 12an Bilbao Basketek Bamberg-en aurka 90-75 galdu zuen deman, hain zuzen. Orduko hartan 10 puntu eta 3 errebote eskuratu zituen Aminuk.

Ondorioz, Balvin itzultzeaz batera Alex Mumbruren lantaldean tokirik gabe geratu da Aminu eta dagoeneko Bilbao Basketeko kide izateari laga dio. Talde bilbotarrak ohar baten bidez «profesionaltasuna eta inplikazioa» eskertuz egur esan dio jokalariari, eta «etorkizuneko erronketarako zorterik onena» opatu dio.