Garapen Kontseiluaren epe luzeko misioa: biharko Euskal Herria «amestea»
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK) Mugerren deituriko biltzar nagusian orotara 216 kidek parte hartu zuen. Gizarte zibilaren inplikazioaren nahia laburbiltzen duen egituraren presidentea Paxkal Indo da.
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren (IEHGK) biltzar nagusi berrituak bilbura egin zuen larunbatean Mugerren. Kazeta.eus atariak bildu duen informazioaren arabera, orotara 216 kide izan ziren batzarrean, horietarik 78 bertan izan ziren eta beste 138k bideo-konferentzia bidez hartu zuten parte.
275 ordezkarik Paxkal Indo buru duen zuzendaritza talde berriaren alde egin zuten, beste bostek abstenitzea erabaki zuten bitartean.
IEHGKo presidenteak bilkuran nabarmendu zuenez, «2017an gertatu zen aldaketa ulertu behar da: Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioarekin, gizarte zibilaren eta hautetsien arteko funtzio banaketa ezagutu dugu, eta IEHGKk orain ekarpena egiten du Euskal Elkargoaren politika publikoetan».
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua «frantziar Estatuan gelditzen den gisa horretako egitura bakarra dela» oroitarazi zuen Indu.
«Ez gara hautetsi gisa izendatuak, gizarteak hautatuak baizik», zehaztu zuen egituraren buruak.
2020ko irailean abiaturiko atxikimendu kanpainak emaitza onak eman ditu. 430 aktorek IEHGKarekin bat egitea deliberatu dute 2021-2023 epealdirako.
Epe laburrean, proposamen gauzagarrien egile izan nahi du egiturak, lurraldearen etorkizunaz eztabaida publikoa biziaraziz, Euskal Elkargoko politiketan ekarpena eginez eta tokiko eragileak saretuz.
Alta, gizarte zibila biltzen duen egiturak bere buruari aitortzen dion epe luzeko misioa «biharko Euskal Herria amestea da».
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren lurralde proiektua, desafio nagusiak eta perspektibak bere web atarian aurkitzen ahal dira.