K2 mendian desagertutako hiru mendizaleak aurkitzeko itxaropenak oso urriak dira
Horrela baieztatu du Sajid Sadparak, hots, joan den ostiralean gailurreko ekinaldian parte hartu zuen mendizaletariko batek. Bien bitartean, hirugarrenez, Pakistango armadako bi helikoptero 7.000 metroko kotara igo, ohiko bidea arakatu eta ez dute desagertuen arrastorik aurkitu.
Joan den ostiralean K2 mendian (8.611 m) desagertu ziren hiru alpinisten berririk ez dago. Bizirik aurkitzeko itxaropenak oso-oso urriak dira, eta, modu batera edo bestera esanda, soilik baieztapen ofiziala geratzen da mendizale horiek hiltzat emateko. Iritzi berekoa da gailurreko saio horretan parte hartu zuen Sajid Sadpara pakistandarra. Gogoratu behar dugu haren aitarekin, Alirekin, Jhon Snorri islandiarrarekin eta Juan Pablo Mohr txiletarrarekin saio horretan hartu zuela parte. Baina 8.200 metroko kota zegoenean, oxigeno botilaren erreguladorea hondatu eta hirugarren kanpalekura (7.300 m) jaitsi zen.
Gaua kanpaleku horretan egin eta gero, biharamunean oinarrizko kanpalekura heltzeko bidea hartu zuen. Ondoren, helikoptero batek Skadura eraman eta atzo lehen adierazpenak egin zituen. Hain zuzen ere, lehen hitzak ekinaldiaren inguruan egin zituen: «Iragan ostiralean, gaueko hamabietan, eskaladari ekin genion. Jaisten ari zen xerpen espedizioaren taldearekin gurutzatu ginen. 8.200 metrora, Botila lepoa izeneko sekzioan, ondoezik aurkitu nintzen; oxigeno falta nabaritzen nuen. Neure aitak eta biok ez genuen botilarik erabili. Aitak esan zidan geure bezero Snorriren botila bat hartzeko, baina erreguladorearekin arazoak izan nituen. Aitak igoera hori bertan behera utzi eta hirugarren kanpalekura jaistea agindu zidan. Eguerdiko hamabiak ziren, eta bost ordu behar izan nituen kanpaleku horretara heltzeko. Une horretan, kanpaleku nagusiarekin hartu-emanetan jarri nintzen, eta azaldu nien nire taldekideak gailurreko bidea hartu zutela eta 3. kanpalekuan itxarongo niela denak elkarrekin jaisteko».
Mendizale honek hidratatzeko eta atseden hartzeko denbora hartu eta gau osoa lorik egin gabe igaro zuen. Larunbat goizean, berriz, oinarrizko kanpalekuarekin harremanetan jarri zen, eta taldekideak ez zirela 7.300 metroko garaiera dagoen kanpaleku horretara heldu adierazi: «Xerpen espedizioaren zuzendariak esan zidan jaitsi egin behar nuela; izan ere, eguraldiak aldatzeko joera zuen. Ni leher eginda nengoen, eta jaisteko erabakia hartu nuen».
Bestalde, Sajid Sadparak adierazi duenez, bere taldekideek ziur aski gailurra egin eta jaitsieran istripuren bat izango zuten: «Gauean haizea indartu zen. Egungo egoera ikusirik, argi eta garbi dago baldintza horietan oso zaila dela mendi horretan bizirik egotea. Bizirik aurkitzeko itxaropenik ez dut».
Arrastorik ez
Bien bitartean, hirugarren egunez jarraian, Pakistango armadaren bi helikopterok beste irteera bat egin dute. Ez dituzte eguraldi baldintza onak izan, eta soilik 7.000 metroko kotara heldu dira. Ohiko bidea ondo arakatu ondoren, hegaldi horretan parte hartu duen Seven Summit agentziaren buruzagi Chhang Dawak onartu du ez dutela hiru alpinisten aztarnarik aurkitu: «Gidaria, Lakpha Dendi Xerpa eta hirurok ibilbidearen eremu garrantzitsuenak ondo baino hobeto aztertu ditugu. Ikuspen gutxi izateaz gain, mendiaren goi aldea lainotuta zegoen. Azken hiru egunotan, pilotuek egundoko lana (oso arriskutsua) egin dute, baina, esan dudan bezala, mendizaleen arrastorik ez dugu aurkitu. Eguraldiak hobera egiten badu, berriro irtengo gara».