INFO

Emakumeen Ligako dinamikara itzuliko da Gernika Bizkaia, Estudiantesen etxean

Laugarren postuaren borroka izango dute madrildarrek eta bizkaitarrek, azken hauek covid-19 kasu bakarra baino ez dutela egiaztatu ostean. Playoffetarako lehia biziak izango dituzte ere Araskik eta IDK Euskotrenek. Hiru euskal taldeek igandean 18.00etan hasita jokatuko dute.

Margaret Roundtreeren jaurtiketa batek erabaki zuen Estudiantesen aurkako partida Malosten Gernikaren alde. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Osasunez ongi gaude eta mentalki ere bai», esan du Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzaileak talde bizkaitarrak Madrilen Estudiantesen aurka jokatu bezperan. Izan ere, covid-19 kasu bat tarteko, gernikarrek ezin izan dute asteon Perfumerias Avenidaren aurka Malosten jokatu. Zorionez, ostean egin diren PCR probetan ez da koronabirus kasu berririk azaldu eta ondorioz, bizkaitarrek domeka arratsaldeko 18.00etan bere aurkari zuzenearen kantxan, Magariñosen, jokatu beharko du.

Donostian irabazi du asteon Estudiantesek, IDK Euskotren 60-76 menpean hartuta. Hala, 14 garaipen pilatu ditu talde madrildarrak eta Gernikarekin bat egin du, nahiz eta Estudiantesek Emakumeen Endesa Ligako bosgarren lekuan jarraitzen duen eta bizkaitarrek, aldiz, laugarren.

Aste bi dira Mario Lopezenek partidarik ez dutela jokatu eta agian erritmo falta apur bat nozituko dute. Aldiz, pasa den jardunaldiko jokalari baliotsuena, Arica Carter alegia, izango dute bizkaitarrek aurrez aurre. Joaneko neurketan Gernika nagusitu zen Malosten, 77-74 Margaret Roundtreek sartutako hiruko bati esker. Hala, partida itzela izateko osagai guztiak ditu Gernikaren eta Estudiantesen artekoak.

Dema zailak, dema politak

Araski eta IDK Euskotrenen partidak ere igandean 18.00etan hasiko dira eta dema biak izango dira zailak bezain erakargarriak. Gasteiztarrek Ciudad de La Laguna Tenerife hartuko dute Mendizorrotzan. Hau da, Ligako zazpigarrenaren aurka jokatuko du hamargarren postuan dagoen Madelen Urietaren taldeak.

Urruti dagoela iruditu arren, Tenerifeko taldeak garaipen bakar bat gehiago du Araskik baino. Gasteiztarrek, ikusi zutenentzat ulergaitz izanagatik, irabazita zuten partida galtzear izan ziren Zaragozan, baina azkenean luzapenean 77-81 irabazi zuten, Laura Quevedo eta Joy Adamsen hiruko banari esker. Ikustekoa izan zen arabarren poza, urtarrileko amesgaiztoa behingoan atzean utzi zutela ikustean. Bada, playoffetarako borrokan, Madelen Urietarenek aurkari zuzen bati irabazi behar diote.

Tenerifekoak ez daude, antza, beren unerik gozoenean. Al-Qazeres hamalaugarrenaren kontra etxean galdu berri dute eta orotara hiru porrot kateatu dituzte. Bada, sailkapenean berdindu eta gain hartzeko parada izango dute gasteiztarrek Mendizorrotzan.

Cadi La Seu izango du IDK Euskotrenek aurkari Kataluniako lurretan. Donostiarrak dira uneotan Top 8 bedeinkatua zarratzen dutenak, baina Cadi La Seu, Araski bezala, garaipen bat gutxiagorekin dago, bederatzigarren postuan.

Katalanek Gironaren kontrako derbia galdu egin zuten ostegunean (86-83) aurkariari hortzak erakutsi ostean. Printzipioz Cadi La Seu ez da aurkari txarra donostiarrentzat, batez ere barrutik hankamotz dabilelako, Quinn Dornstauder eta Georgina Bahi bakar xamarrik dabiltzalako, Irati Etxarri iruindarraren laguntzaz. Hau da, teorian behintzat, IDK Euskotrenen barruko jokoa indartsuagoa da. Beste kontu bat izango da Yurena Diaz, Ariadna Pujol eta Laia Raventos kanpoko jokalariek maila ematen badute. Kasu horretan partida askoz ere berdinduago egongo da.

IDK Euskotrenek oso egun petrala izan zuen eguenean Estudiantesen aurka. Joyce Cousseins-Emith antolatzaileak ez zuen puntu bakar bat ere sartu eta hirukoetan 13 ahaleginetatik 2 bakarrik sartu zituzten Azu Muguruzarenek. Apur bat hobetzea ez dirudi zaila denik, eta halakorik erdietsiz gero, garaipenak ez luke hain urruti izan behar.