Haizeak eta elurteak oinarrizko kanpalekura itzularazi dituzte Txikon eta bere taldea
Alex Txikon eta Simone Moro mendizaleek gidatutako taldeak Manasluko tontorra igande honetan zapaltzea aurreikusten zuen. 7.000 metroko altueran zeudela, aldiz, haizete eta elurte gogorrek oinarrizko kanpalekura itzultzera behartu dituzte. Eguraldia berriro alde dutenean egingo dute gorantz.
«Oinarrizko kanpamenduan gaude. Haizeak eta elurrak beheratzera behartu gaituzte». Horrela hasten da Alex Txikon mendizale lemoarrak Twitter bidez helarazi duen azken mezua. Igande arratsalde honetan argitaratu du 7.000 metroko altueran zeudela haizeak eta elurteak oinarrizko kanpalekura itzultzera behartu dituztela.
Igande honetan esnatu diren garaieran (6.750 metroan) 70 kilometro orduko abiadurako haizetea egon dela zehaztu dute mendizaleek eta gailurrean 100 kilometro orduko haizetea zegoela. 8.156 metro ditu Manasluk
Kaixo lagunok! Oinarrizko kanpamentuan gaude. ❄️Haizeak eta elurrak beheratzera behartu gaituzte. Hala ere, eguraldia gure alde dugunean berriz ere saiatuko gara. 7.000 metrora arte iritsi gara!
— Alex Txikon (@AlexTxikon) February 14, 2021
Berez, igande gauez aurreikusten zuten Manasluko gailurra zapaltzea, beti ere eguraldi aurreikuspenak betetzen baziren. Ez da hala izan eta «eguraldia alde» dutenean berriro saiatuko direla ziurtatu du Txikonek.
Igande honetan lortu dute 7.000 metrora iristea baina lan nekeza izan da Txikon eta Simone Moro mendizaleek gidatutako taldearentzat, pilatutako elurrak zerbait mantsotu baitu hauen erritmoa.
Larunbatean 6.750 metrotan pasa zuten gaua eta igande honetako asmoa zen 7.000 metrotan 4. kanpalekua eraiki eta 7.400 metroraino bidea egitea. Azkenean, ez dute lortu bigarren helburu hori baina lemoarrak adierazi duenez oso pozik daude lortutakoarekin eta «lehio berri bat zabaltzen denean» berriz ekingo dute gora. Jendearen babes mezuak ere eskertu ditu.
Txikonen taldeak dituen aurreikuspenen arabera, asteazken edo ostegunean eguraldiak hoberantz egin dezake.
Oso pozik gaude lortutako guztiarekin. Orain deskantsatu eta leiho berri bat zabaltzen zaigunean, berriz gora! Zuen babes-mezuek indarrak ematen dizkigute. Eskerrik asko! pic.twitter.com/4sZzfYxyCJ
— Alex Txikon (@AlexTxikon) February 14, 2021