INFO
Entrevista

Otegi: «Independentismoa ezkerretik eta unionismoa eskuin-muturretik hazten da»

Katalunian independentismoa ezkerretik hazten den bitartean unionismoa eskuin-muturretik egiten duela ohartarazi du Otegik, EH Bilduren Mahai Politikoaren izenean. Europako joera horixe dela erantsi du («gaur indartsuagoak gara gu ere») eta arazo politikoari aurre egitea ezinbestekoa deritzo.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko Mahai Politikoaren ordezkariekin, Kataluniako hauteskundeen balorazioa egiten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kataluniako hauteskundeetan izandako emaitza baloratu du astelehen eguerdian Arnaldo Otegik, EH Bilduren Mahai Politikoaren izenean. Europa mailan, bai eta Euskal Herrian ere, ematen duen joera egiaztatzen eta indartzen dela uste du: burujabetzaren aldekoek gora egiten dute, ezkerretik gainera, eta unionisten artean autoritarismoaren hazkundea nabaria da.

Izan ere, independentismoak ezkerreko indarren aldetik izan duela hazkundea aipatu du, bai ERCrena bai eta CUPen emaitza ere txalotuz. Eta esparru espainiarzalean, ordea, Vox da gora doan aukera. «Honek islatzen du gure joera askatasunaren aldekoa dela eta bestea, kontrakoa. Ez da garrantzirik gabeko ondorioa», laburbildu du.

Bi datu erantsi ditu Otegik. Batetik, gehiengoa berretsi ez ezik, independentismoak bozen %50ren langa ere gainditu duela lehenbizikoz. Bestetik, En Comú Podem-en eserlekuak batuta, Parlament-aren %60tik goiti autodeterminazioaren aldekoa izango dela, 82 diputatu hain zuzen ere 135en artean.

Otsailak 14. honek utzitakoa ez dela salbuespen azpimarratu du Arnaldo Otegik. Estatu espainoletik atera gabe, Euskal Herrian eta Galician ere ezkerretik subirautzaren alde diren indarrek gora egin zutela iaz aipatu du («Llotja de Marren egindako akordioa oso indartuta ateratzen da»). Eskozia eta Irlanda ere ekarri ditu gogora. Eta etorkizuna bide beretik joango dela uste du EH Bilduren Mahai Politikoak.

«Arazo nazionala hor dago berriz ere, beraz, mahai gainean. Auzitegiak, kartzelak, diktadurak eta nahi duten guztia egon daitezke, baina etengabe arazo nazionala mahai gainean jartzen da. Gero errealetoak egingo dira, baina datuak hauetxek dira, ez besterik: jendeak gizarte askeagoak nahi ditu. Estatu espainolak badu zer pentsatu eta Gobernu espainolak ere bai», ohartarazi du.

«Mahai gainean kolpea eman du independentismoa, abiatu behar den negoziazio mahaiaren gainean. Mahai horren alde batean %50a baino gehiago ordezkatzen ari direnak daude. Konponbide demokratikoak behar ditu honek, herrien nahiak ez direlako geldituko, historia osoan gelditu ez diren bezalaxe», adierazi du Otegik.

Kataluniako herriari zorionak eman dizkio Otegik, baina euskal ikuspuntutik ere «poza» erantsi dio balorazio honi. «Independentzia abentura bat dela esaten dute batzuk; ba abentura horretan gero eta jende gehiago gaude», bukatu du.