INFO

Kote Cabezudo argazkilaria laugarren aldiz epaituko dute asteazken honetan

Kote Cabezudo Zabala argazkilariaren aurkako laugarren epaiketa egingo da astearte honetan Donostian. Kasu honetan justizia oztopatzea eta iruzur prozesala leporatzen diote. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta isuna eskatzen dute.

Kote Cabezudoren aurkako protesta, epaitegian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Kote Cabezudo argazkilari donostiarra berriro epaituko dute asteazken honetan, otsailak 17. Bere biktimentzat justizia aldarrikatzen duen taldeak adierazi duenez, «instrukzio urteetan zehar burututako delituengatik» epaituko dute. Zehazki, justizia oztopatzea eta iruzur prozesala egitea leporatzen diote. Fiskaltzak nahiz akusazio partikularrak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta isuna eskatzen dute Cabezudorentzat.

Biharkoa Cabezudoren aurkako laugarren epaiketa izango da. Hirugarrena urtarrilaren bukaeran izan zuen; kasu hartan sare sozial batean neska gazte baten «kutsu erotikoko» argazkia erakusteagatik izan zen, argazkia erretiratzeko agindu judiziala ez zuelako errespetatu. Fiskalak eta akusazio partikularrak zortzi urteko espetxe zigorra galdegin zuten.

Kote Cabezudo preso dago 2018ko maiatzetik. 47 delitugatik dago auzipetuta, horietako lau berarekin lan egiten zuten modeloen aurkako sexu askatasunaren aurkakoak. Auzia oso konplexua da, kausa nagusi bat dago eta horretatik beste hainbat auzi txiki sortu dira. Oraingoz, pieza txiki horietako batengatik bi urte eta hiru hilabeteko zigor irmoa jaso du; bost hilabeteko beste kondena bat ere ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu zuen eta epaiaren zain dago. Auzi nagusiaren epaiketa data oraindik finkatu gabe dago.

‘Kote Cabezudoren biktimontzat justizia’ taldeak esker ona adierazi dio argazkilariaren biktimak ordezkatzen dituen abokatu taldeari, baita kolaboratzaile «isil» guztiei, «erakundeetako ordezkari askok itzaletan jarraitzea nahiago duten bitartean, guztia alderdi ultraeskuindarren trama bat dela argudiatuz».