INFO

Telesailak toxikoki irensten

Apple TV, Disney, HBO, Netflix, Filmin, Amazon, Starz edo FlixOle. Pantaila txikiko ekoizpen zaparradak ba al du mugarik? Telesail gehiegi estreinatzen al dira? Ezer ez galtzearen obsesioa gailentzen ari da, eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortzen al du?

Plataforma digitalak asko ari dira ugaritzen.

Datuekin haste aldera; azken hamarkadan lehen aldiz, AEB-etan aurreko urtean baino telesail gutxiago egin ziren 2020an. 2019an 523 estreinatu ziren eta 2020an 493. Iritsi behar zuen zerbait zela iragartzen zuten, baina ez da industriaren nekeagatik edo originaltasun faltagatik izan, pandemiagatik baizik. Pandemiak eragindako tentsio finantzarioaren ondorioz, gidoidun telesail sorta bat ez zen berritu adibidez, filmazio logistika edo produkzio kostu gero eta handiagoak bezalako alderdiak kontuan hartu ondoren. Warner Mediako (HBO Max) eta NBC Universaleko (Peacock) streaming zerbitzuak 2020an abiatu ziren, Netflix, Apple, Amazon, Hulu, Disney+ eta CBS All Access harpidetza plataformak barne hartzen dituen gero eta merkatu jendetsuagoarekin bat eginez. Plataforma bakoitzak gidoi originalak erosi eta garatzen jarraitzen du, era nahiko agresiboan esango nuke, plataforma hauen lehian, lehenak izatea lehentasuna bihurtzen den bitartean.

Telesailen gailurra

Peak TV-ak gailurra joko al du? Peak TV. Hori da azken urteetan telebistaren arloan eta AEBetan hedatzen ari den hitza. “Telesailen burbuila” bezala definitu daitekeen termino horrek adierazi nahi du iristear dagoela ekoizpen hauen gailurra. Pantaila txikian produktu gehiegi dagoela adierazteko espresioa da: kontrolik gabe estreinatzen dira eta askotan kalitate maila zalantzagarria izaten dute. Urtero banatzen diren Emmy edo Urrezko Globoen sarietan adibidez –ustezko urteko telesail onenen sariak– ezinezkoa zaie urteko estreinaldi garrantzitsu guztiak nabarmendu eta bertan sartzea.

FX katearen arduraduna den John Landgrafe-k sortu zuen Peak TV kontzeptua eta duela lau urtez geroztik ekoizpen kopuruaren gaineko txosten batzuk argitaratzen ditu. 2018an adibidez, 500 telesailen zifra ukitzera heldu ziren. Gailurra, Peak TV deiturikoa, 2019-2021en bitarte iritsiko zela iragartzen zuen berak. “Tsunami” horren erantzule nagusiak aipaturiko streaming plataformak dira batik bat. Plataforma digitalen gudu bortitz honek ekoizpen propioak egin edo mundu osoko telesailak erosi eta beraien edukietan lehenago nork txertatzen duen areagotu du. Egin, erosi, egin, erosi… etenik ez duen gurpila. Esaterako, Sundance Zinema Jaialdian estreinatu ondoren, Apple TV+ kateak 25 milioi dolar baino gehiago ordaindu ditu “CODA” (“La Famille Bélier”-en bertsio amerikarra) filmarengatik, zuzenean beraien plataforman estreinatzeko.

Monopoliorantz?

Honek, beste hainbat enpresa teknologikotan gertatu den bezala, telesailen merkatua monopolio egoerara eramateko arriskua ekar lezake eta ez dakit nik ez ote den gure kaltetan izango istorio berberak labe beretik irtetea. Adibide garbiena –berriro ere– Netflix: lehen, urtean bost ekoizpen berri estreinatzen bazituen, hiruzpalau kalitate handikoak izaten ziren; gaur egun “bi astetik behin telesail/denboraldi berri bat” filosofiarekin, telesailak baino, txurroak egiten dituen plataforma dela dirudi. Ekoizpen bikainak estreinatzen ditu, bai, baina kaskarren multzoa handitzen doa astero eta gero eta zailagoa da katalogo zabal horren barruan harribitxiak topatzea. 2021eko datu argigarriekin ulertuko duzue zertaz ari naizen: Netflixek 500 izenburutik gora ditu une honetan postprodukzio fasean edo kaleratzear. Zifra horien barruan aurkitzen dira 2021ean estreinatuko dituzten 71 filmak, asteburu bakoitzean bat.

Kontsumitzeko modu toxikoa

Datu eta zifra horiek mahaigaineratu ostean goazen mamira. Kultura zinematografikoa, oro har, ezin besarkatuzko zerbait iruditzen zait, eta telesailena beste hainbeste, jakina. Telesail asko estreinatzen da? Bai. Gehiegi? Ez! Literatura edo zinema bezalako arloetan gutxitan –edo inoiz ez– planteatu den galdera izanik, pantaila txikiaren kasuan arazoa ez da gehiegi daudela, guztiak ikusi nahi ditugula baizik.

Telesailena da, zalantzarik gabe, azken urteotako fenomeno kultural aipagarrienetako bat, gune kulturalean espazio gero eta garrantzitsuagoa betetzen hasi baitira. Baina kopuruarekin eta hauek irensteko abiadurarekin itsutzen hasi garela uste dut. Kuadrillan edo lagun artean adibidez, “It's a Sin” telesaila etengabe aipatzen ari badira, eta zuk ekoizpen hori ikusten ez baduzu, elkarrizketa horietatik kanpo geratzeko arriskua duzu. “The Mandalorian”-en hirugarren denboraldia bihar goizeko 9.00etan estreinatzen bada, “ea nork ikusten duen lehenago” lasterketa amaigabean murgilduko zara. Hemen loratzen da, nire ustez, polemika honen gakoa: irakurketarekin gertatzen den bezala, alderdi atsegingarria ez galtzeak ezinbestekoa izan beharko lukeela. Ikuslea istorioak ikusteko desiratzen baino, ikusi dituela kontatzeko gogoz dagoela dirudi. Ezer ez galtzearen obsesioa gailentzen ari da eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortzen du.

Ez dago telesail gehiegi

Alegia, ikusten duzuna ikusten duzula, gustura izan dadila, nahi duzulako, eta ez ondokoak hala egin duelako, sare sozialek bultzatu zaituztelako ala aipaturiko plataforma hauen algoritmoek burmuina xurgatu dizutelako. Eskaintza hainbeste zabaldu da, ezen egungo estreinaldi mordoa igerian dabilen duela 10-15 urteko telesailekin batera. Ondorioz, ikusle askok uko egin diote borondatez aukeratzeari eta “zer ikusi” erremintak edo “gomendio” aplikazioak erabiltzen hasiak dira beraien ordez erabakiak hartzeko. Izar kopuruaren arabera edo Interneteko “adituaren” gustuen arabera. Beraien ordez aukeratze horrek frustraziora eraman dezake ikuslea eta “telesail gehiegi egiten dira” esaldia errepikatzen has daiteke.

Nire iritzia, beraz, argia da: ez dago telesail gehiegi, liburu, film edo txokolate tableta gehiegi ez dagoen bezala. Erabateko ezagutza seriezale bat lortzeko nahiak eta elkarrizketetatik kanpo ez geratzeko beharrak gugan gabezia faltsu bat sortu dutela iruditzen zait. Ikus-entzunezko hauetako asko “behartuta bageunde bezala” irensten ditugu. Hurrengoan «ez daukat denborarik hainbeste telesail ikusteko» esaten dizutenean, «ez zuk eta ez beste inork» erantzun eta aurrera!