INFO

Gatazka eremuetako sei umetatik batek talde armatuen sexu indarkeria jasateko arriskua du

Save the Childrenen arabera, gerra eremuetako haurrek sexu indarkeria sufritzeko duten arriskua 1990ean baino hamar aldiz handiagoa da. Gainera, egiaztatutako kasuak izozmendiaren punta baino ez dira.

Kolonbia, Irak, Somalia, Hego Sudan, Siria eta Yemen dira arrisku handieneko herriak. Irudian, Siriako Hasakeh-eko kanpamendua. (Delil SOULEIMAN/AFP)

Munduan 72 milioi haur euren kontrako sexu erasoak egiten dituzten talde armatuetatik hurbil bizi dira. Save the Childrenen arabera, ume horiek gatazka guneetan bizi diren 426 milioi adingabeen %17 dira; seitik bat, alegia. 

‘Weapon of War: Sexual violence against children in conflict’ txostenak dioenez, orain dela 30 urte baino hamar aldiz aukera gehiago dituzte umeek sexu indarkeria jasateko. 1990ean 8,5 milioi ziren arrisku hori zutenak.

Kolonbia, Irak, Somalia, Hego Sudan, Siria eta Yemen dira haurrek sexu indarkeria jasateko arrisku handiena duten herrialdeak. Bortxaketa, sexu esklabotza, sexu esplotazioa, behartutako haurdunaldia, antzutzea eta abortua, sexu mutilazioa, abusua eta tortura dira talde armatuek eta gobernu indarrek egiten dituzten erasoetako batzuk.

Bizirauten duten haurrek hainbat trabari egin behar izaten diete aurre, gatazka armatuen testuinguru zailean, hala nola delitua salatzeko sistema eta prozesu falta, estigma, errepresalien beldurra eta babes falta.

Biktima gehien-gehienak, neskatoak

2006tik Nazio Batuek haurren kontrako 20.000 sexu indarkeria kasu baino gehiago baieztatu dituzte gatazka eremuetan, seitik bat erabat larria.

Erakundearen txostenik berrienak 749 kasu jasotzen ditu soilik 2019an. Horietako ia denetan (%98) neskak izan ziren biktimak, eta 2018an baino bi aldiz eraso gehiago egin zituzten estatu indarrek. Kontuan hartu behar da, Save the Childrenek dioenez, dokumentatutako kasu horiek benetan gertatutakoen zenbaki txiki-txiki bat baino ez direla.

Kasu ugari ez dira salatzen

«Sexu indarkeria kasu ugari ez dira salatzen, bereziki gatazka inguruetan eta biktimak adin txikikoak direnean. Askoz ere haur gehiago daude berehalako laguntza behar dutenak, izan ere, haurren kontrako edozein sexu indarkeria mota izugarria da eta segidan gelditu behar du», adierazi du Inger Ashing Save the Childreneko zuzendari orokorrak.

«2019an, batez beste bi kasu soilik salatu ziren egunean gatazka eremuetan, baina badakigu haurren kontrako bortxaketa eta bestelako abusu motak gero eta gehiago erabiltzen direla testuinguru horietan, hortaz, dokumentatutako kasuak izozmendiaren punta baino ez dira» erantsi du.

Bere iritziz, lotsagarria da estatu indarrek egindako sexu erasoak bikoiztu izana 2018tik 2019ra. «Gobernuek eta beren indarrek gehiago egin behar dute edozein gatazkatan ahulenak babesteko, haurrak barne», defendatu du Ashingek.