INFO

Mugak berrirekitzeko datarik ez dute eman, suhiltzaileen arteko elkarlana goraipatu arren

90.000 euro inguruko diru kaltea eragin zuten Larhun aldera piztu ziren suteek. Alta, bilana egiteko orduan, «baimenduriko suteen» beharra babestu du gaur Eric Spitzek. Mugaz gaindi suhiltzaileek buruturiko elkarlana goraipatu arren, zortzi muga pasabideen berrirekitzeko datarik ez du eman prefetak.

Suhiltzaileak sua hartu zuen etxe batean lanean, joan zen asteburuan, Larhun aldean. (Bob EDME)

Joan zen asteartean Hego Lapurdiko bost auzapezek agerraldia egin zuten Zokoan aurreko asteburuan Lapurdin, Nafarroan eta Gipuzkoan pizturiko suteek sorturiko egoeraren aurrean beraien iritzia emateko.

Auzapezek ekintza kriminaletaz hitz egin zuten baita salaketa judiziala jartzeko asmoa baieztatu zuten.

Ostiral honen goizean, berriz, Eric Spitz Pirinio Atlantikoen prefeta hedabideen aurrean azaldu da, Pauen. Agerraldi horretan iragan asteko suteek eragindako kalteak deitoratu baditu ere ika-mika sortzen duen bertze gaia jarri du mahaigainean.

Hala, Spitzek irmoki babestu ditu prefeturaren baimenarekin laborariek eginen dituzten suteak. 

«Mendiko suteak oso aspaldiko praktikak dira, gure paisaiak babesteko beharrezkoak direnak», adierazi du prefetak, kazeta.eus atariak jaso duenez.

Edonola ere, iragan asteburuan piztu ziren suteak marko horretatik kanpo kokatu ditu Spitzek.

Egunero egunero ingurumenari dagozkioen baldintzak aztertu ondoren hartzen direla erabakiak mendi suten gainean azaldu du Spitzek.

Prefetak oroitarazi duenez airearen kutsadura dela-eta gaur, otsailaren 26n Pirinio Atlantikoen departamendua «eremu gorrian» da. Beraz ez da baimendua sua egitea.

Baimenduriko suteek ez dutela arazo frango sortzen, Spitzen ustez.

Hala, behin baimenak eskatuta, aste honetan zehar 600 bat mendiko su piztu direla zehaztu du estatu ordezkariak. Bere erranetan horietarik bik baizik ez dituzte arazoak sortu.

Ildo beretik, bere ondoan zuen Bernard Layre, departamenduko Laborantza Ganbarako lehendakariak, laborariek zein artzainek egiten dituzten mendiko suak «biodibertsitatearen ikuspegitik ere» onuragarriak badirela defendatu du gaurko agerraldian.

Elkarlana eta mugaren itxiera

Finean, Jean-Pierre Mirande, SDIS 64 egituraren presidenteak, iragan asteko suteek eragindako kalteari heldu dio. Orotara, 90.000 eta 95.000 euro arteko galera eragin zuten Lesakan, Beran do Irunen bezala Azkaine edo Biriatun ere mendia erre zuten suteek.

Bi egunez 400 suhiltzaile baino gehiago aritu ziren sua itzaltzeko lanetan. Bidasoaren bi aldetako zerbitzuek auzolanean buruturiko lana ezinbestekoa izan zen suari bidea mozteko orduan. Horrendako, mugaz gaindiko elkarlana sustatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Eric Spitzek.

Kazetarien galdereri erantzuten, hain zuzen mugaz gaindiko trukaketa zeharo trabatzen duen hainbat muga pasabideen ixierari buruz hitz egin du prefetak. Zortzi muga pasabideen berriz ere irekizeko datarik ez dagoela baieztatu du Eric Spitzek.