INFO

Illunbe Arena txertaketarako gune izateko saiakera egingo dutela dio Sagarduik

Donostiako Illunbe Arena aretoan txertaketa masiboak egin ahal izateko frogekin hasiko dira aste honetan Lakuako Gobernuaren Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan duenez. Dena den, helburu nagusia txertaketak osasun etxeetan egitea dela gaineratu du.

Illunbe Arena delakoaren irudia. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako Illunbe Arenan txertaketa masiborako gune bezala erabiltzeko gai den saioa egingo dute aste honetan zehar Lakuako Gobernuaren Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Radio Euskadin egin duen elkarrizketa batean adierazi duenez.

Bertan esan duenez, txerto gehiago heltzen badira Osakidetzak prozesuarekin jarraitzeko gune handiagoen beharra egon daiteke. Dena den, Sagarduiren arabera, Osakidetzaren asmoa txertaketak, ahal den neurrian, osasun etxeetan egitea dela gaineratu du.

«Gure jarrera betidanik osasun etxeak lehenestea da eta horrela egiten ari gara. Baina honekin batera, gune handiagoak edo heltzeko errazagoak diren tokiak beharrezkoak badira, prestatuko ditugu», esan du Sagarduik.

Ostiralean LABI delakoak egingo duen bileraren inguruan, pandemiaren egoerak hobera egin duenez mugikortasuna murrizteko ezarriak diren neurriak arintzeko asmoa dagoen ala ez galdetu diotenean, Sagarduik erakunde honen eskuetan utzi du erabakia. Dena den, kontseilariak gogoratu duenez, hobera egin badu ere pandemiaren egoerak latza izaten jarraitzen du. Gauzak horrela, Zaintza Berezietan oraindik 122 lagun daudela gogoratu du. Honez gain, Lakuaren helburua 100.000 biztanleko 60 kasuetara jaistea dela erantsi du, baina zifra horretara iristeko oraindik asko gelditzen dela nabarmendu du. «Une hauetan 250 inguru ditugu eta hobetzen jarraitu behar dugu», esan du.