Covid-19ak eragin apala duen lurraldeetan ez dituztela neurriak arinduko argitu du Parisek
Covid-19ak gogor astindu dituen eskualdetan neurriak zorroztearekin batera «osasun egoera aski hobea duten» Euskal Herria edo Bretainia bezalako lurraldeetan neurriak arintzea galdegin du gaur Paul Molac diputatu bretoiak Asanblea Nazionalean. Parisek ezezko borobila eman du.
Paul Molac Bretainiako diputatu galdera pausatu dio gaur frantziar Osasun ministro Olivier Verani, osasun politikak lurraldeen arabera egokitzeko eskatuz. Ez soilik egoera txarra denean, baita Euskal Herrian edo Bretainian gertatzen denez «lauzpabost aldiz kasu gutxiago dituzten lurraldeetan neurriak lausotuz ere».
Dagoeneko, pandemiaren egoerak okerrera egin ondoren neurri berezituak hartu zituen joan zen astean frantziar Gobernuak Nizan eta Dunkerken.
Hala asteburuko konfinamenduak agindu zituen Gobernuak aipaturiko bi hirietan. Aitzinetik, Moselle departamenduan ere mugikortasuna mugatzeko neurriak hartu zituen Exekutiboak.
Horrekin batera 20 bat departamendu alerta egoeran ezarri zituen eta oso litekeena da ondoko asteburuari begira antzeko neurri murriztaileak agintzea lurralde horietan, Parisen barne.
Izan ere Veran ministroak ez du ontzat eman diputatu bretoiak eginiko eskaera Molac berak bere Twitter kontuaren bidez jakitera eman duenez.
Le ministre dit comprendre le sens de ma demande de repousser le couvre feu à 20h dans les endroits où le taux d’incidence est maîtrisé, mais refusé dans le même temps tout allègement localisé. La territorialisation des mesures ne vaut-elle que lorsqu’on les renforce? https://t.co/dcVq1z4uXp
— Paul Molac (@Paul_Molac) March 2, 2021
Zehazki honako proposamena luzatu du diputatuak: entsegu gisara, etxeratzeko agindua berriz ere 20.00etan ezartzea eragin tasa apala duten lurraldeetan.
Gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko 590 kasu dituen Itsas Piriniotako departamenduan eta 100.000 biztanleko 52ko intzidentzia tasa duen Pirinio Atlantikoen departamenduan ezarritako etxeratze agindua berdina da, 18.00etan.
Otsailaren 27ko datuak eskutan, ordea, Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoen departamenduak markatu zuen Akitania Berria mailan soilik ez baita frantziar Estatu mailan ere covid-19ari dagokionez eragin tasarik baxuena.
[#COVID19 Situation en #NouvelleAquitaine au 02/03]
— COVID — 19 - Nouvelle-Aquitaine (@NA_Covid19) March 2, 2021
Taux d'incidence en Nouvelle-Aquitaine : 122,0 (↘️)
Seuil de vigilance : 0 département
Seuil d'alerte : 9 départements
Seuil d'alerte renforcée : Corrèze, Vienne & Deux-Sèvres pic.twitter.com/YQ0T3AosGX
Akitania Berriako Osasun agentziak zabalduriko datuak dira horiek. Aipaturiko erakundeak ez duelako Ipar Euskal Herria aintzat hartzen informazioa zabaltzeko orduan.
Ipar Euskal Herria 50 kasu 100.000 biztanleko langapean
Izan ere Euskal Elkargoak estaltzen dituen 158 herri kontuan harturik CovidTracker neurgailu independenteak zehaztu duenez, dagoeneko 50 kasu azpiko langapean dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi. Hemen ikusgai dago mapa.
Bretainari dagokionez, zehazki 100.000 biztanleko 107,6 kasu erregistratu zituen atzo. Anartean, frantziar Estatuaren tasa orokorra 269koa izan zen.
Izan ere, gaur Parisko Legebiltzarrean entzundakoaren arabera Osasun ministerioak ez du oraingoz epidemia «kontrolpean» duten lurraldeetan neurriak arintzeko asmorik.
Ildo beretik, Jean Castex frantziar lehen ministroak bilera egin du Errepublika Martxan alderdiak duen legebiltzar taldekidekin.
Ondoko asteak «oraindik ere zailak izanen direla» azaldu die Castexek.
«Alde batetik neguaren bukaerak eta bestetik txertaketa kanpainak» olau berri bat saihesteko lagungarriak izanen direla esperoan da, omen, lehen ministroa.
Hala ere, atzo Macron berak, era informalean bada ere, mahai gainean ezarri zuen egutegia ontzat emanez, Castexek nabarmendu du bilera horretan «lauzpasei aste» igaro beharko direla neurri aringarriak hartzea aztertzen hasteko.
Lehen ministroak preseski baztertu du, beraz, egoera hobea duten lurraldeetan joan zen udazkenaz geroztik indarrean dauden neurri murriztaileak erlaxatzea.