INFO

ETBk ez zuen «txortaketa» masiborik deitu Illunben

EiTBk ukatu egin du astelehen iluntzeko ‘Ahoz aho’ saioan «txortaketa» hitza erabili izana «txertaketa»ren ordez. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu ziren ustez telebistatik hartutako bi pantaila-irudi eta berehala hedatu ziren. Irudiak faltsuak direla argitu du erakunde publikoak.

Sareetan zabaldu zen «txortaketa» faltsuaren irudietako bat.

Astelehen iluntzean ‘Ahoz aho’ ETBko saioan txertaketa kanpaina izan zuten hizpide, zehazki Illunben gaur hasi den kanpainaren inguruan jardun zuten.

Sare sozialetan programa hori baliatuta irudi pare bat zabaldu ziren; pantailaren behealdeko azpidatzietan zera irakur zitekeen: «Txortaketa masiboa. Osakidetza Donostiako Illunbe gertatzen ari da, bihar txortaketa masibo bati ekiteko». Beste irudian honakoa jartzen zuen: «Illunbeko txortaketa. Bihartik aurrera hasiko dira txortatzen irakasleak, jantokiko begiraleak edota udaltzainak».

Sare sozialetan berehala zabaldu ziren irudiok eta katxondeoa ere segituan hasi zen erabiltzaileen artean.

EiTBk, ordea, ukatu egin du irudiok egiazkoak direnik eta faltsuak direla ziurtatu du, eta «txertaketa masiboa» jartzen zuen tokian «txortaketa masiboa» jarri zutela azaldu, ETBren akatsa izango balitz bezala. Benetako irudiak ere erakutsi ditu «fake news» bat izan zela frogatzeko.