INFO

Elizaren pribilegioekin amaitzeko EH Bildu eta ERCren mozioa eztabaidatuko du Senatuak

Elizak immatrikulatutako ondasun guztiak berreskuratzeko prozesuari ekitea eta Vatikanoak sinatutako akordioak baliogabetzea eskatzen duen EH Bildu eta ERCren mozioa eztabaidatuko du Senatuak.

Trinitate baseliza Mendaron, immatrikulatutako bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Elizaren pribilegioekin amaitzea eta immatrikulatutako ondasun guztiak berreskuratzeko prozesuari ekitea». Hori da EH Bilduk eta ERCk osatzen duten taldeak datorren asteazkenean, martxoaren 10ean, Senatuko osoko bilkuran defendatuko duen mozioaren helburu nagusia.

«Beharrezko lege aldaketak egiteko eta mekanismo egokiak martxan jarri behar dira, azken hamarkadetan Elizak ebatsitako eraikinak berreskura ditzaten ondasunen jabeek», dio koalizio soberanistak. EH Bilduk nabarmendu duenez, indarrean dagoen legeak edozein pertsona edo erakunderentzat ezartzen dituen baldintza berberetan egingo litzateke erregularizazioa.

Duela hilabete bat espainiar Gobernuak Elizak 1998 eta 2015 artean immatrikulatutako 34.961 ondasunen zerrenda argitaratu zuen; horietatik 88 EAEn daude eta 1.034 Nafarroan.

«Premiazkoa da Elizak legez kanpo immatrikualtutako ondasun guztiak bueltatzea eta Estatuak ondareak berreskuratzeko erantzukizuna bere gain hartzea, jabeei erreklamazioak jartzeko bideak erraztuz», azaldu du Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak.

Ildo beretik, 1979. urtean espainiar Gobernuak eta Vatikanoak izenpetutako akordioak baliorik gabe uzteko exijitu du EH Bilduk, akordio horiei esker 1953tik indarrean zegoen konkordatua gaurkotu eta erreformatu baitzen.

Horretaz gain, EH Bilduk izaera erlijiosoa duen ondare kulturala erakunde publikoen esku uztea galdegin du, «trafiko juridiko pribatutik kanpo utzita». «Garrantzia eta balio handiko ondasunak dira gizartearentzat. Ondasun horien izaera eta funtzio publikoa babestu beharko litzateke», zehaztu du. EH Bildurentzat «ezinbestekoa eta premiazkoa» da legez zehaztea kultur ondare erlijiosoen izaera publikoa, «lehenbailehen katalogatu, erregistratu eta esku publikoen menpe utzi ahal izateko».