INFO

Protesta jardunaldia Tubacexen alde, Aiaraldeko enplegua jokoan dela nabarmenduz

Tubacexeko langileek protesta jardunaldi bat egin dute ostiral honetan, manifestazioak eta enpresara martxak eginez, greba mugagabearen 23. egunean. Arratsalde honetan manifestazio bateratua egingo da Amurrion, «Aiaraldeko enplegu eta bizitza duinaren alde».

Este navegador no soporta el elemento video.


Aiaraldeko Greba Batzordeak protesta jardunaldia burutzen ari da ostiral honetan Tubacex-eko langileekin elkartasunaz, greba mugagabearen 23. egunean, enpresak 150 kaleratze iragarri ondoren Laudioko eta Amurrioko lantegietan.

Bi herrietatik, 7.30etan, martxak egin dituzte Tubacex-en plantarantz. Ondoren, 11.30etan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek bi manifestazio deitu dituzte Arabako bi herrietako plazetan, «Aiaraldian enplegu eta bizitza duinak!» lemapean. 15.30etan beste bi martxa egingo dira Tubacexera, eta 20.00etan manifestazio zentralizatua iragarria dago Amurrioko plazan.

Eguerdiko bi manifestazioak amaitzean, manifestu bateratu bat irakurri dute, eta lau sindikatuek lanuzteen «arrakasta borobila» nabarmendu dute.

Aiaraldea egoera «larrian» dagoela ohartarazi dute: «enplegu-suntsiketa, lan-baldintzen aurkako erasoak, enplegu prekarioa eta zerbitzu publikoen egoera kezkagarriak dira». Horren adibide gisa jarri dituzte Tubacexeko 150 langileen kaleratze mehatxua eta Valvospaineko beste 79 langileena.

Baina kasu horiek «izozmendiaren muturra baino ez» dela azpimarratu dute eta kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, ABEEEtan modu «bidegabean» egon diren langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialena, hezkuntzarena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten egoera larria ere ekarri dute gogora.

Sindikatuek erakunde eta alderdi politikoak interpelatu dituzte, «gizartearen gainerakoekin batera gure eskualdeko kalitatezko enplegua defenda dezaten eta azken lan-erreformak indargabetzeko lan egin dezaten».

Beste sektoreen elkartasuna

Ostegun honetan, beste enpresa eta sektore batzuetako langileak Tubacex-eko instalazioetara joan ziren greban zeuden langileekin elkartasuna adierazteko. ITP Aero-Casting PCB eta Vidrala-Aiara Vidrio plantilletako kideek eta Hezkuntzako langileek ostegun honetako protestetan parte hartu zuten.

 

«Irtenbide traumatikoak»

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Tubacexek eta langileek «irtenbide traumatikoak gutxitzeko bideak aztertu behar dituzte, birkokatzeen, aurre-erretiroen, eszedentzien edo sustatutako irteeren bidez».

Gasteizko Legibiltzarrean egindako kontroleko osoko bilkuran Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IU legebiltzarkideak galdetuta, lehendakariak gogorarazi du Lakuako Gobernuak plantillari eta zuzendaritzari «egoera kritiko hori gainditzeko elkarrizketa eta bitartekotza bide bat» jarri diela.