INFO

EH Bildu, EAJri: «Errealitatea ukatzeak ez du txertaketa erritmoa hobetzea ekarriko»

Koalizio abertzaleak «gezurrak esateari uzteko» exijitu dio EAJri, txertaketaren inguruan Maddalen Iriarteri eginiko «askusazio faltsuak» datu ofizialek «gezurtatzen» dituztela nabarmenduz. «Akusazioak akusazio, Estatu espainolean EAE da txerto gutxien jartzen dituen erkidegoa», azpimarratu dute.

Maddalen Iriarte, EH Bilduko bozeramailea, Iñigo Urkulluren hitzartzea jarraitzen, Gasteizko Legebiltzarrean atzo egin zen osoko bilkuran. (Endika PORTILLO/FOKU)

Ohar baten bitartez, EH Bilduk berretsi egin du Lakuak «110.000 txerto dituela gordeta, jarri gabe, Maddalen Iriartek atzo Legebiltzarrean lehendakariari esan bezala» eta, hortaz, EAJk arratsaldean koalizo abertzalearen bozeramaileari egin zion «akusazio faltsua errefusatu» egin du.

«EAJk jakin beharko luke akusazio faltsuen bidez errealitatea ukatzeak ez duela errealitatea aldatzen, ez eta txertaketa erritmoa eta Gobernuaren kudeaketa hobetzen ere», adierazi du koalizioak.

Ildo horretan, gogoratu dute Osasun Ministerio espainiarrak egunero argitaratzen dituen datu ofizialek «nor bere tokian» jartzen dutela eta EAJren akusazioak «gezurtatu» egiten dituztela. Hala, atzo bertan Ministerioak emandako datuak gogorarazi dituzte: «Urkulluren Gobernuak 248.460 txerto jaso ditu, baina 155.955 baino ez ditu jarri, eta bi egun lehenago 130.036 ziren jarritako dosiak, Legebiltzarrean Iriartek ohartarazi zuenez». 

Koalizio subiranistaren aburuz, «txertaketa estrategia eraginkor eta argia» behar du euskal gizarteak, «ahalik eta azkarren ahalik eta pertsona gehienei txertoa jartzea ahalbidetuko duena, horixe baita komunitate zientifikoan gero eta hedatuago agoen irizpidea, baina Urkulluren Gobernua, hala ere kontrakoa egiten ari da».

Hori dela-eta, EAJri «gezurrak esateari eta akusazio faltsuak botatzeari uzteko eta txertoak ahalik eta azkarren jartzeko lanari ekiteko» exijitu dio EH Bilduk. Halaber, komunikabideei ere eskatu diete «EAJrenak bezalako ‘fake’ akusazioak zabaldu aurretik datu ofizialak kontrastatzeko».