INFO

Altuna eta Mariezkurrenak irabazi dute lehen bi sailkatuen arteko dema ikusgarria (19-22)

Jokoan egindako 26 tanto egon dira eta atzelariak ere fin aritu dira arlo horretan: Zabaletak bost izan ditu eginak eta Mariezkurrenak zazpi. Bi bikoteak zortzi garaipenekin berdinduta daude sailkapenaren puntan.

Jon Mariezkurrenak partida bikaina jokatu du Eibarren (Aritz LOIOLA / FOKU)

Altuna III.ak eta Mariezkurrenak 19-22 menderatu dituzte Elezkano II.a eta Zabaleta ligaxkako lehen bi sailkatuak elkarren aurka neurtu dituen partida ikusgarrian. Eta emaitza horrekin, bi bikoteak berriz ere berdinduta geratzen dira sailkapenaren puntan, biak zortzi garaipenekin eta finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukera askorekin.

Bizi-bizi jokatutako neurketa izan da, egindako tanto asko eta ederrak utzi dituena eta, egiari zor, zentzu guztietan lau pilotariak une gozoan daudela erakutsi duena. Elezkanok sei tanto egin ditu jokoan –eta beste bi sakez–, Zabaletak bost, Altunak zortzi –bat sakez– eta Mariezkurrenak zazpi. Eta benetan deigarria izan da Zabaletak bi tanto egin dituela eskapadaz, Altunak beste bat, Mariezkurrenak bat ormabikoarekin lurretik…

Zabaleta sufritzen hasieran

Altuna eta Mariezkurrena hobeto sartu dira partidan. Aurreko astelehenean Zestoan jasotako porrota ahaztu nahian, Jokin Altuna pilota oso bizi mugitzen hasi da eta Mariezkurrenak ere, aurreneko bizpahiru tanto kenduta, pilota asko eta ongi atzeratu du. Behin eta berriro itsatsi du pilota ezker ormara eta Zabaletak asko sufritu du lehen zati horretan. Konturatzerako 4-10 aurreratu dira urdinak eta gorriek neurketa gelditzea erabaki dute.

Arraroa egin da Zabaleta horrenbeste sufritzen ikustea, baina pilota aldatu dutenean, norgehiagoka ere kolorez aldatzen hasi da. Gorrien pilotarekin Mariezkurrena gozakaitz ibili da eta apurka-apurka Zabaleta piloteoan inposatzen. Eta ordura arte ia aukerarik izan ez duen Danel Elezkano ere errematean asmatzen hasi da.

Gerturatu baina aurretik jarri ezin

Gorriek hiru aldiz lortu dute markagailua berdintzea (1-1, 3-3 eta 12-12), baina ez dira inoiz aurretik ipini eta urdinei aukera eman diete berriz ere euren pilota atera eta ihes egiteko. 12-12ko horretatiuk 12-17ra joan dira Altunaren tanto bikainekin.

Elezkano eta Zabaleta ez zeuden, ordea, amore emateko eta lortu dute berriz ere markagailua orekatzea. Zabaleta jada bere onenean zegoen –ikusgarriak ia jarraian errebotean sartu dituen pilotak (14-18 eta 15-18)–, eta Elezkanoren erremate eder batekin 17-18 ipini dira.

Eta bikote bakoitzak beste takadatxo bat egin ostean, 17-20 eta 19-20 egon da neurketa. Baina hor ere berdina gertatu zaie gorriei: asko hurbildu bai baina aurretik ezin jarri. Ez da beraien okerra izan, urdinen meritua baizik, 19-21ak erakutsi duen bezala: Mariezkurrenak ezker airez bederatzitik eraman du pilota bat, gero Altunak tantoa gantxoz egiteko. Tokatzen zen moduan, dema Jon Mariezkurrenak oso atzean ipini duen pilotakada batek itxi du.

«Partida oso bizia izan da, erritmo handian jokatua. Beraiek hotz samar hasi dira eta guk tartea irekitzeko baliatu dugu, baina gero jokoa asko parekatu da. Elezkano jokoan sartu denean ere min egin digu», adierazi du Jokin Altunak amaieran.

Pozik bukatu du bere burua «txisparekin» ikusi duelako, azken hiru partidetan ez bezala, eta lehen bi postuetan amaitzea gero eta gertuago dutelako. «Aurrena edo bigarrena amaitu berdin zait, garrantzitsua lehen bi postuetan amaitzea da eta hori ongi bideratuta daukagu. Baina hemen dena asko aldatzen da aste batetik bestera. Aurreko astean Peña eta Albisuk irabazi eta guk galduta puntu bakarrera zeuden, ematen zuen beraiek sentsazio hobeak zituztela, eta oraingoan beraiek galdu eta guk irabazita alderantziz. Hau oso luzea da eta dena aldatu daiteke».