INFO

Ehun migratzailetik gora muga igarotzeko zain daude Irun eta Hondarribiko aterpetxeetan

Xabier Legarreta Lakuako Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu du larunbat honetan 106 pertsona artatu direla. Gehienak «otsailean zehar» iritsi ziren penintsulara, Kanariar Uharteetatik; handik heldu ziren Irunera, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatzeko asmoz.

Gurutze Gorriak Irungo Belaskoenea auzoan kudeatzen duen harrera-zentroa. (@Irekia)

Irunen, migratzaile hauei zuzendutako aterpetxean, 64 lagunek egin dute lo Lakuako datuen arabera; Irungo Udalak erromesentzako duen aterpetxean beste 30; eta Hondarribiako herrian kokatutako aterpetxean, 12. Hala, adierazi du guztira 106 pertsona artatu direla gaur gauean.

Izan ere, Irunen azken egunetan elkartzen ari den migratzaile kopurua gero eta handiagoa dela-eta, Lakuako Gobernuak kontingentzia-plana aktibatu du bertan, horiei harrera egiteko.

Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, Saharaz hegoaldekoak eta magrebtarrak dira gehienak eta «otsailean zehar iritsi dira penintsulara, Kanariar Uharteetatik»; handik heldu ziren Irunera, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatzeko asmoz.

Lakuaren arabera, «guztiei ura eta jatekoa eskaini zaie, baita arropa eta maskarak ere; dutxa hartzeko aukera ere izan dute denek eta gorputzaren tenperatura neurtu zaie». Zentzu horretan, Legarretak azpimarratu du ez dela inor kalean gelditu.

Lakuaren oharraren arabera, gaur aterpetxetan gaua pasa dutenak 106 pertsona izan badira ere, atzo eginiko adierazpenetan Lagarretak zonaldean 150 pertsonaz arduratu zirela esan zuen, eta horietatik 60 Gurutze Gorriak Irungo Belaskoenea auzoan kudeatzen duen harrera-zentroan zeudela.

Gainera, Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun, Hondarribia eta Donostiako udalak baliabide horiek prestatzen elkarlanean ari direla zehaztu zuen.

Era berean, nabarmendu zuen «pandemiaz eta mugikortasunari ezarritako mugez harago, migrazioaren fenomenoak existitzen» jarraitzen duela, asteburu honetan Irunen gertatzen ari dena dela horren erakusgarria eta horri «erantzun egoki bat» eman behar zaiola.