INFO

Jaka: «Hil edo biziko partida bat da, baina argi daukat ez naizela espekulatzen hasiko»

Jaka eta Martija Aspeko pilotariek ez daukate huts egiterik astelehenean Etxebarrin, Urrutikoetxea-Imazen aurka galduta ezingo lituzketelako sailkapenean harrapatu.

Erik Jakak ez du bere joko oldarkorra alboratzeko asmorik. (Iñigo URIZ/FOKU)

Binakakoaren lehen fasea amaitzear den honetan, badira huts egiteko aukera guztiak agortuak dituzten bikoteak. Aurreko ostiralean Tafallan horren beharrezkoa zuten bigarren puntua eskuratu bazuten ere, asteburuko gainontzeko emaitzek ez zieten askorik lagundu eta Jaka-Martijak beste «match-ball» bat izango dute astelehenean Etxebarrin, aurkari zuzenak dituzten Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imazen aurka. Eskua pixka bat uzkurtu daitekeen partidak izan daitezke hurrengoak, baina Buruz Buruko txapeldunak argi dauka partidaren garrantzia handia izanagatik, ezin dutela nortasunik galdu. «Julenek Julen izan behar du eta nik ni».

«Aurrera egiteko aukeraren bat izan nahi badugu bai edo bai irabazi beharra daukagu», azaldu du, aho bizarrik gabe, Julen Martijak arazorik gabe joan den material aukeraketan. Honek, ordea, ezin omen ditu kontserbadoreagoak egin Erik Jaka bere aurrelariaren arabera. «Hemen garrantzitsua da asko egitea gutxi galduta. Egia da asko egiteko egunak ez direnean garrantzia hartzen duela gutxi galtze horrek, baina argi daukadana da nire estiloari leiala izango naizela, aukera dudanean aprobetxatzen saiatuko naizela eta ez naizela espekulatzen hasiko hiru edo lau tanto ez galtzearren», azaldu du.

Aurkariak paretik kendu

Partida oso garrantzitsua izango da bi bikoteentzat, Urrutikoetxea-Imazek irabaziko balute hiru puntutara utziko lituzkete Aspekoak eta elkarren aurkako bi partidak irabazita, ezingo lituzkete sailkapenean harrapatu, baina misterio handirik gabeko partida espero du lizartzarrak astelehenerako.

«Azkenaldian binaka partida gehienak antzera joan dira, atzelarien artean  agintzen duenak, gutxien galtzen duenak edo bere jokoa hobeto egiten duenak, bere aurrelaria aukera gehiago sortzeko gai izaten da eta normalean partidak hortik joaten dira. Aurreko astean Julenek kriston partida egin zuen aste honetan egin dugun entrenameduan oso ondo ikusi dut. Ea sentsazio on horiei jarraipena emateko gai garen», azaldu du.

Baikoko pilotariak euren aldetik, asteleheneko jipoiaz errekuperatzen jarraitzen duten, Imazek ez omen zuen sekula halako partida gogorrik jokatu, baina tanto bakarraz lortutako garaipenarekin dena da errazagoa. Zaratamokoak aitortu duenez, ez dute kalkulurik egin zenbait puntu beharko dituzten sei lehenen artean sailkatzeko, baina argi daukate 22ra helduta aurkari batzuk paretik kenduko lituzketela eta horregatik astelehenekoa eurentzat ere oso lehia garrantzitsua dela. Bizkaitarrak onartu du Markinako partidan ez zuela batere gorputzaldi onik izan, baina pixkanaka pixkanaka gero eta gusturago ari omen da aurrelari lanetan.