INFO

EAEn Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta lortzeko herri ekimena abian da

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimenak azken tramite administratiboak pasa ondoren, Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzeko beharrezkoak diren 10.000 sinadurak biltzen hasiko dira.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri-ekimenaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Pobreziaren, bazterkeriaren eta giza eskubideen aldeko borrokan ibilbide desberdinak dituzten berrogeita hamar pertsona baino gehiagok osatutako talde batek baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri Ekimena (LHE) aurkeztu du ostegun honetan Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan.

Taldearen hitzetan, LHE horrekin, hainbat helburu lortuko dituen lege berri bat lortu nahi dute: Pobreziarekin bukatzea, enplegua banatzea eta lana partekatzea; bizitza erdigunean jartzea, erabakitzeko autonomia gehiago lortzea, modu jasangarriagoan bizitzea eta aberastasuna birbanatzea.

Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, proposatzen duten Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta «gutxieneko kopuru bat izango litzateke, EAEko pobrezia atalasearen arabera kalkulatua.

Diru-sarrera hori hilean 900 eurokoa izango litzateke pertsona helduentzat edo emantzipatuta dauden 18 urtetik beherakoentzat; 270 eurokoa 14 urtetik beherakoentzat eta 450 euro emantzipatu gabeko 14 eta 18 urte bitartekoentzat.

«EAEn bizi diren pertsona guztiek izango lukete hura jasotzeko eskubidea, lana izan edo ez izan, norekin bizi diren eta beste errenta edo ondare iturri batzuk zein administrazio-estatusa zein den aintzat hartu gabe», zehaztu dute.

Prozesua

Gasteizko Parlamentuko mahaian LHE hori onartu eta gero, orain hauteskunde batzordearen administrazio tramitea pasatu behar duela azaldu dute, eta horren ondoren, Prlamentuan eztabaidatzeko beharrezkoak diren 10.000 sinadurak biltzen hasiko direla adierazi dute.