INFO

EH Bilduk zaintzen erronka jorratuko du ‘Feminismotik, bizitzak erdigunean’ jardunaldietan

Zaintzen alorrean adituak diren hogei bat lagunek hartuko dute parte, martxoaren 26an eta 27an, ‘Feminismotik, bizitzak erdigunean’ jardunaldietan.

EH Bilduk zaintzen erronka jorratuko du datorren martxoaren 26an eta 27an egingo diren jardunaldietan. (Jon URBE/FOKU)

EH Bilduk «hurrengo urteetako erronka handienetako bat», zaintzena hain zuzen, jorratuko du hilaren 26 eta 27an egingo diren jardunaldietan. ‘Feminismotik bizitzak erdigunean’ dute izenburu eta bertan hogei bat aditu bilduko dira.

Guztira, sei panel egingo dira hiru bloketan banaturik: zaintzei buruzko begirada zabaltzea, beste praktika politiko batzuetara hurbiltzea, hala publikoak nola komunitarioak eta euskal zaintza sistema publiko-komunitariorantz trantsiziorako bidea.

Carole Pateman teoriko politiko eta militante feminista historiko britaniarrak inaugurazio-hitzaldia emango du, eta kontratu sexuala izango du hizpide, gizarte modernoen antolaketa patriarkalaren oinarri gisa eta zaintza lanetan duen eragina.

Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako 20 gonbidatuk hartuko dute parte, hala nola Uruguai, Brasil eta Danimarkakoak: feministak, ekintzaileak, adituak eta hainbat esparrutako agintariak.

Ondoren, lehen blokean, «gaur egun inposatzen ari den zaintzen ikuspegitik haratago» joaten saiatuko direla azaldu du koalizio subiranistak, gaur «modu neoliberalean eta sinplifikatuta» ulertzen direlako.

Era berean, zaintza zatituen, deslegitimatuen eta merkantilizatuen egungo politika publikoen ereduaren aurrean,«beste zainketa-eredu bat posible dela erakusten duten esperientzia zehatzak ezagutzea, baloratzea eta haietatik ikastea beharrazkoa dela uste du EH Bilduk.

«Bizitzan zaintzak funtsezko elementuak direla kontuan hartuta, beharrezkoa da, halaber, arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko beharrezko artikulazioa definitzeko gakoak emango dizkiguten esperientzia komunitarioak ezagutu eta baloratzea», gaineratu du.

Azkenik, hirugarren blokean zehatzago aztertuko da eremu publikoko zainketen egungo egoera, ikuspegi instituzional eta sindikaletik, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hego Euskal Herrian.