INFO

Eraikin publikoak eskaini dizkiote EH Bilduko alkateek Lakuari txertaketa azkartzeko

EH Bilduko alkateek udal eraikin publikoak eskaini dizkiote EAEko Osasun Sailari covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren erritmoa azkartzeko. «Beharrezkoa da dauzkagun baliabide publiko guztiak erabiltzea txertaketa kanpaina ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin», adierazi dute.

Osakidetza Illunbe ari da erabiltzen covid-19aren aurkako txerkateka kanpainan (Gorka RUBIO/FOKU)

EH Bilduko alkateek beraien udalerrietako udal erakin publikoak eskaini dizkiote EAEko Osasun Sailari «txertaketa kanpainaren erritmoa azkartu dadin». Hala iragarri dute Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak astelehen honetan izandako agerraldian.

Adierazi dutenez, urtebete pasa da covid-19aren pandemia hasi zenetik, eta ordutik neurri asko hartu dituzte herritarrak babesteko. «Horretarako lankidetza eta elkarlana bilatu dugu hasieratik gure herrietan», gaineratu dute.

«Zenbait herritan jada elkar lankidetza hori hasita dago, eta eraikin publiko erabiltzen hari da Osakidetza txertaketa kanpaina egiteko, eta beste herri batzuetan, aldiz, joan den ostiralean EH Bilduk euren eskaintza helarazi zion Osasun Sailari», esan dute.

Haien esanetan, «kargu bat daukagunok badugu erantzukizun bat, erantzukizun handia, eta taldean lan egitea, guztion onerako, eskatzen digu. Eta beharrezkoa da herrialdean dauzkagun baliabide publiko guztiak erabiltzea txertaketa kanpaina ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin».

«Euskal herritarrek beraien udalerrietatik eta eskualdetatik ahalik eta gertuen txertoa hartzeko aukera izan dezaten, ahal den neurrian pertsonen mugikortasuna saihesteko, txertaketa kanpaina ahalik eta arinena, eraginkorena eta seguruena izan dadin», ohartarazi dute, Lakuaren jarrera kritikatu ostean.

Izan ere, txertaketa kanpainak herritarren kezka sortu du, «zer erritmo ematen ari den ikusita eta baita Osasun Sailak jarri dituen irizpideekin ere. Eta kezka hori gure herritarrek adierazi digute».