INFO

Presoen aldeko eta torturaren aurkako borrokan hutsune handia utzi du Fran Baldak

Presoen eskubiden defentsan ibilbide luzea eman du larunbat gauean istripuz hil zen Fran Baldak. Edozer lan egiteko prest, torturaren salaketan, arlo instituzionalean eta internazionalismoan ere aritu zen. Ezagutu zuten guztiek, eta asko dira, bere jatortasuna nabarmentzen dute.

Paulo Agirrebaltzategi frantziskotarrarekin preso gaixoen aldeko martxan baten hasieran 2012an (Jon URBE/FOKU)

Presoen eskubideen defentsan ibilbide luzea egin du Fran Baldak, larunbat gauean Etxarri-Aranaztik Arbizura itzultzen zela istripu batek errotik moztu arte, 53 urte eskas zituelarik. Talde desberdinetan izan da beti lanerako prest, beharrezkoa zen edozein gauzari ekiteko prestutasuna adierazten duten horietakoa zen Fran.

Batez ere Nafarroan, baina baita ere Euskal Herriko beste herrialdeetan, presoen eskubideak aldarrikatzeko agerraldietan ohiko aurpegia eta barruko lanetan langile sutsua zen. Amnistiaren Aldeko Batzordeetatik hasita egungo Sareraino, Egin Dezagun Bidea ekimenetik eta Herrira plataformatik pasata (atxiloketa ekarri zion honek). Euskal Herrian borroka honek izan duen bilakaeraren eredu izan da Fran Balda.

Mezu hauek erakusten dute esparru honetan utzi duen hutsunea:

Hil zen gau ilun hori heldu arte konpromiso hori ere hor zegoen. Izan ere, Etxarrin presoen alde izan zen manifestazioan parte hartu zuen eta etxerako bueltan zen, Arbizurako bidean, kotxe batek harrapatu zuenean. Ez zuen bakarrik manifestazioan parte hartu, antolakuntza lanetan ere aritu baitzen, ohi zuen bezala.

Aurpegi ezaguna baino gehiago zen Fran Balda presoen aldeko eskubideen aldarrikapenean. Tratu onekoa, jatorra. Dohai horiek erabiliz harreman ugari egin zituen alor anitzetako lagunekin: alderdi, sindikatu, komunikabide eta abar luze bateko ordezkariekin bildu zen presoen eskubideen aldarrikapenaren premiaz ohartarazteko. Aspalditik osasun arazo bat zuen, baina horrek ez zuen Franen jatortasuna iluntzen. Inolaz ere.

2013ko apirilean Herrirak Bilbon deituriko manifestazioan hitza hartzen. (FOKU)

Lanerako prestutasuna

Lanerako prestutasuna zen Fran Baldaren beste ezaugarrietako bat. «Zer egin behar da?», galdetzen zuen bere burua horretarako eskainiz. «Zuek honetaz ni baino hobeki badakizue», zioen, adibidez, kazetariekin biltzen zenean.

Lan honengatik errepresioa zuzenean pairatu zuen Fran Baldak. 2013an Herrirako kideen kontra egin zuten operazioan atxilotuetako bat izan zen. 2015ean abokatuen kontra egin zuten sarekadan ere Fran Balda ere atxilotu eta espetxeratu zuten.

2013ko martxoan Herriraren kontrako operazioan Auzitegi Nazional espainolean deklaratu eta gero, besarkada. (FOKU)

Ezaguna zen Fran Balda, oso ezaguna. Falange y Tradicion talde faxistakoek ere ezagutzen zuten. Arbizuko zinegotziekin batera, bere izena talde honek egin zuen pintada batean azaltzen zen.

Torturaren salaketan lanari ere ekin zion Baldak, eta bereziki azken urteotan. Euskal Memoria taldearekin lanean ibili da, Nafarroan errealitate gordin hau azalarazten eta ezagutarazten. EAEn Paco Etxeberriak ofizialki egin zuen lanari nolabait bidea ireki dio Nafarroan, 800dik gora kasu zenbatzera helduz.

Zinegotzi eta brigadista

Ezker abertzaleko zinegotzi ere izan zen Fran Balda Arbizun 2003. urtetik 2011.era, Sakanako Mankomunitateko permanenteko kidea ere izan zelarik azken urteotan.

Arbizu, Zestoarekin batera, Euskal Herrian Palestinako herriekin senidetzeko prozesuan aitzindaria izan zen. Eta horretan ere Fran Balda ere izan zen, lanean, jo eta fuego. Hasiera-hasieratik, Arbizuko zinegotzi guztiek bezala, argi izan zuen Franek ere senidetze hau ez zela marketing kontua izan behar. Ez zen nahikoa argazki bat ateratzearekin edo dokumentu bat sinatzearekin. Herrien arteko senidetzea izan behar zuen, ez udalen artekoa.

Marda herriarekin senidetu zen Arbizu. Eta Fran Balda, zinegotzi bezala, Josu Mendinueta alkatearekin batera, Euskal Herriko mugimendu internazionalistak antolatu zuen Biladi Hadi brigadan izan zen. Hautetsiak, idazleak, musikariak, pailazoak, kazetariak eta herri mugimenduetako kideak biltzen zituen brigada izan zen Biladi Hadi, ohikoak baino zabalagoa eta ohikoak baino jendetsuagoa.

2010ko uztailean, azpian ezkerrean azaltzen da Fran Balda, Palestinako Biladi Hadi brigadaren lehen txandako kideekin. (BILADI HADI)