22 urteko ginear bat erreskatatua Bidasoa ibaia igerian zeharkatu ostean
Hendaiako herritar talde batek jakinarazi duenez 22 urteko ginear bat erreskatatu zuten martxoaren 13an. Bidasoa ibaia igerian zeharkatu ostean egoera larrian zen eta herritar talde baten laguntza behar izan zuen.
Pasa den martxoaren 13an gertatu zen. Goizeko 8:30ean ohiko moduan Bidasoa ibaiaren inguruan aurkitzen zen Tom Dubois-Robin hendaiarra, lagun talde batekin, eta Kazeta.eus hedabideari jakin arazi dionez ibaia igerian zeharkatzen ari zen gazte bat begiztatu zuten. Geroago jakin zutenez 22 urteko migratzaile ginearra zen.
Faisan uhartearen parean, Hendaiako aldean lur hartzea lortu zuen gazteak, baina Dubois-Robin eta bere lagunen laguntza behar izan zuen. Hendaiarraren esanetan, «leher eginda zegoen ibai bazterrean, hotz handiarekin, bere jantziak lehortzen lagundu genuen, zapata berriak eman genizkion eta bazkari bero bat eskaini genion». Gazte ginearrak bere laguntzaileei aditzera eman zienez, bere helburua Paris ingurura heltzea zen.
Gertakari honen berri Dubois-Robinek eman du Facebook atarian argitaratu duen gutun baten bitartez. ‘Gure hautetsiei gutun irekia’ izenburua zuen idatzian «egoera honek ezinbestean drama bat ekarriko« duela salatzen zuen. «berriki bizi hobeago baten bila itotzeko zorian» izan zen gaztea nola lagundu zuten azaltzen du gutunean eta, «egoera hau luzatu ez dadin», hautetsi eta ordezkari publikoei neurriak har ditzaten eskatzen die.
Giroa tenkatzen
Bidasoa ibaia iragan nahi duten migratzaileen egoera tenkatzen ari da. Azken egunetan aditzera eman denez ehun pertsona baino gehiago daude Irun eta Hondarribia artean Lapurdira igarotzeko aukeraren zain. Gobernu frantsesak Euskal Herriko zortzi pasabide itxi eta kontrol zorrotzak ezarri zituenetik pasa ezinik geratu dira dozenaka migratzaile eta haien artean etsipena nagusitzen hasi da.
Hain zuzen ere, mugen itxieraren ondorioz migratzaileen egoerak okerrera egin duela salatzeko agerraldia egin zuten Diakite, Etorkinekin eta Cimade elkarteek eta martxoaren 20an Baionan egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten.