INFO

Itxitako zinema bat irekitzeko gaitasuna izan du ‘Jokari’ filmak

Donibane Lohizuneko Le Select zineman aurkeztu dute ‘Jokari’, konfinamenduaren urteurrena baliatuz. Etxeratzeko aginduaren hastapenean ukan zuen bikote batek filma grabatzeko ideia. Frantzian oraino zinemak itxita daudela, eta halabeharrez Ipar Euskal Herrian ere, salatu dute.

«Jokari» filma atzo aurkeztu zen Donibane Lohizuneko Le Select zineman. (Guillaume FAUVEAU)

Maulen harrapatu zituen lehen konfinamenduak Julieta Salz eta Marc Lahore, argentinarra bata eta euskalduna bestea, eta, kamera bat eskura zutenez, derrigor etxean egon beharreko oren horietan film bat egiteko ideia ukan zuten. Gai unibertsala hautatu zuten, mundu osora hedatu baitzen covid-19a eta horrek ezustean harrapatu baitzituen herrialde nahiz agintariak. Ia toki gehienetan hartu zuten erabaki bera, konfinamendua, beraz, pertsona askori momentu berean gertatzen ari zitzaiona filmatu eta hedatzeko desirari eutsi zioten ‘Jokari’ sortuz.

Astearte honetan aurkeztu dute luzea bi gazteek, Donibane Lohizunen, filma ekoitzi duen La Fideleko burua, Jokin Etcheverria, Lapurdiko hiri horretakoa baita: «Le Select zineman ospatu nahi genuen filmaren aurkezpena. Ospatu erraten dut, baina hemen ospatzeko guti dago; urtebete daramate zinema guztiek itxita, kulturaren adierazpen inportantea ematen da beraietan, eta funtzio soziala ere betetzen dute. Mundu digital batean bizi gara egun eta, konfinamendua erabaki zuten eguna data seinalatua denez, salaketa egitearekin batera munduari erakutsi nahi genion film hau, streaming bidez eskainiz Media Attackeko lagunei esker».

‘Agur Etxebeste’, ‘Nora’ eta ‘Akelarre’ koproduzitu ondoren, lan honi bere ekoiztetxearekin heldu dio donibandarrak.

Lumi taldearen magia

Aurkezpenean musikari bikote batek hartu zuen parte, Nahia Zubeldia eta Manu Matthys lapurtarrek osatutako Lumi taldeak, eta beren folk elektronikoa atzoko zitari misterioa eransteko baliagarria izan zen.

Garindaineko Marc Lahore «biziki pozik» agertu zen: «Denoi bezala, ustekabean harrapatu gintuen konfinamenduak, Maulen geunden eta kamera bat geneukan, mikroak, euskarriak... denetarik falta zitzaigun, baina, ideia ona zela irudituta, helburu bati jarraiki egunak errazago pasako genituela pentsatuta, lan artistiko honen lortzera xedatu ginen».

Julieta Salz zirkuko artista da lanbidez, eta bere «egunerokoa filmatzea ez zen zerbait erraza izan hastapenean, aurpegiak, gorputz atalak, posizioak... jendea gurekin identifikatzea nahi genuen, ia denok sentituko genituelako konfinamenduak eragingo zizkigun aldaketak, gorputzari zeregin bat ezarri nahi nion, eta ez erotu».

Macron gizarteari hizketan, gerra bat dela erranaz, ikusezina den etsaiaren aitzinean, diskurtso bera erabili zuten agintariak gogoratuko ditu ikusleak, egun baten eta bestearen arteko desberdintasunik eza, noraeza, zalantzaz betetako egunak, oraindik konpondu ez den arazoa, eta dena kultura gaitzaren erdigunean dagoen garaian.