Muga ixteak Bidasoan heriotza arriskua areagotzen duela ohartarazi dute
Hilaren 13an Bidasoa ibaia igerian zeharkatu nahi zuen gazte bat erreskatatu zutela jakin ostean, Irungo Harrera Sareak ohartarazi du muga ixteak heriotza arriskua areagotzen duela migratzaileentzat eta horregatik erakundeei eskatu die neurriak har ditzatela Euskal Herria «hilerri bihur ez dadin».
Joan zen martxoaren 13an Bidasoa ibaia igerian zeharkatu nahi zuen gazte ginear bat erreskatatu zuen Hendaiako herritar talde batek, egoera larrian.
Horren berri izan ostean Irungo Harrera Sareak oharra kaleratu du eta jakinarazi du azken egunetan gutxienez bi aldiz erreskatatu dituztela gazte migratzaileak Bidasoa zeharkatu nahian ari zirela. Europa iparralderako bidean dauden pertsonak dira, frantziar Estatuaren muga itxieraren aurrean igerian pasatzen saiatzen direnak eta lesioak eta nekea direla eta artatu behar izan dituztenak.
Egoera horren aurrean, euskal erakundeei eskatu diete, udalei nahiz Lakuako Gobernuari, «lehenbailehen har ditzatela neurriak, Euskal Herria hilerri bihur ez dadin beren bizitza hobetu edo salbatu nahi dutenentzat».
Kolektibo honek azaldu duenez, ez da lehen aldia Bidasoa eskualdean halakorik gertatzen dela. «60-70eko hamarkadetan, Portugaldik zetozen hainbat pertsona hil ziren iparralderantz jarraitzeko ahaleginean. Urte ilunak ziren haiek espainiar Estatuan», gogoratu du. Oraingo egoera ez da ordukoa, baina «migrazioaren arloan Europako Batasunak eta estatu kideek dituzten politika hiltzaileak salatzen jarraitu behar da» Irungo Harrera Sarearen ustez.
Egun Bidasoaldean ez dago heriotzen berririk, eta horrela jarraitzea espero du. «Jendarte bezala ezin dugu ohitu Mediterraneoan eta Atlantikoan jendea hiltzea, eta are gutxiago Bidasoan ‘hilerri’ berri bat inauguratzea». amaitu du oharra.