INFO

Etxerat eta Sarek egoitza berria estreinatu dute elkarrekin Gasteizen

Ostiral honetatik aurrera Etxerat eta Sare Herritarrak egoitza berria izango dute Araban. Hiriburuaren erdigunean kokatua dago, Kutxa plazan, eta orain arte Etxeratek erabiltzen zuen txoko bera da. Hori bai, moldatua eta berriz inauguratua, bi elkarteek partekatzeko asmoarekin.

Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak Arabako egoitza konpartituko dute. Ostiral honetan inauguratu dute elkarrekin. (Raul BOGAJO/FOKU)

Jai egun hau ospakizun eguna ere izan da Arabako Sare Herritarrarentzat eta Etxeratentzat, gune berria estreinatu baitute bi elkarteek batera. Gasteizko erdialdean kokatua dago bi eragileen Arabako egoitza izanen dena, Kutxa Plazan hain zuzen ere, eta ateak irekiak ditu dagoeneko.

Ohar batean jakinarazi dutenez, ostiral honetatik aurrera zabalik egongo da Gasteizko egoitza berria, Kutxa Plazako zazpigarren zenbakian. Argitu dutenez, orain arte euskal preso politikoen senide eta lagunen elkarteak erabiltzen zuen txoko bera da, baina moldatu egin dute.

Instalazio eraberrituak

Eraberritze lanak egin ondotik, orain berriro ere inauguratu dute. Eta mokadu baten inguruan bildu dira herri mugimenduko kideak, Gasteizko EH Bilduko lagunak eta presoen senide eta adiskideak, irekiera ospatzeko eta instalazio berritua ezagutzeko. Bidenabar, baita isolamendu garai hauetan elkarrekin pixka bat egoteko ere, elkargune izaera baitu txokoak.

Azaldu dutenez, egoitza Etxerat elkartearen eta Sare Herritarraren topagunea izatea da asmoa.

Argazkian ikusten den bezala, egoitza argitsua da, plazara ematen du eta kamisetak, txanoak, jertseak eta presoen senideei laguntzeko bestelako produktuak ere baditu.