INFO

Zein erlazio du klima aldaketaren aurkako borrokak klase borroka eta mugimendu feministarekin?

Edozein krisialditan gertatu ohi denez, klima aldaketaren ondoriorik latzenak egoera ahulenean dauden pertsonek jasango dituzte: mundu mailan, herrialde txiroenek; estatuen barnean, emakume*, migratu eta langileek.

Iñigo URIZ | FOKU

Pandemiaren ondorioak denok jasan ditugula errepikatu da askotan. Izurriteak herrialde eta biztanle guztiok maila berean jarri gaituela. Hala ere, birusa munduko eremu guztietara heldu bada ere, txertoa aberatsenetan ari da jartzen lehenengo. Nahiz eta patogenoak ez duen klasearen araberako bereizketarik egiten, maila ekonomiko baxuagoa (eta, beraz, osasun txarragoa, komorbilitate handiagoa, etab.) duten pertsonek jasan dituzte kalterik larrienak.

Denok saiatu gara geure burua eta gainontzekoak zaintzen, baina ordaindu gabeko zein soldatapeko zaintza lan gehienak emakumeek* hartu dituzte euren gain beste behin ere. Ekonomiaren beherakadak langile guztiak kaltetuagatik ere, prekarizatutako lanak suntsitu dira gehien, batez ere pertsona migratuak eta gazteak langabezian utziz. Askatasun murrizketak denok bete behar izan ditugun arren, konfinamendua gogorragoa izan da etxebizitza txikietan bizi diren langile familientzat, edo erasotzaile batekin giltzaperatzera behartutako emakumeentzat*.

Bistakoa da krisialdi garaiek ez gaituztela denok berdin kaltetzen. Berez, maila berean jarri beharrean, herrialde, klase sozial eta generoen arteko aldeak areagotzen dituzte. Hala izan zen 2008ko krisialdi ekonomikoan, hala ari da izaten covid-19ak eragindakoan, eta berdina ari da gertatzen jada bizi dugun klima krisialdian.

Nola eragiten digu gizakioi klima aldaketak?

Sarritan erleen irudiak, hartz polarrak edo glaziarren aztarnak erabiltzen dira klima aldaketa irudikatzeko, animalia edo landare batzuei soilik eragiten dien kanpoko fenomeno bat balitz bezala. Klima aldaketaren aurkako borrokaren helburua ez da, ordea, koralak bizirik mantentzea edo poloetan izotz pixka bat gordetzea, egunero milioika pertsonaren biziraupena mehatxatzen duen fenomenoa gelditzea baizik.

Industria aroa hasi zenetik, Lurraren tenperatura 1 °C inguru igo da (IPCC, 2018), atmosferara isuritako berotegi efektuko gasen ondorioz. Beroketa horrek eragiten ditu klima aldaketaren beste ondorio guztiak.

Batetik, tenperaturaren igoerak bero boladak eta lehorteak eragiten ditu zuzenean, giza osasunean kalteak eraginez eta laborantza lurrak degradatuz. Bestetik, muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna areagotzen du, itsasoko uraren lurrunketa arinagoak eta atmosferako aire masen arteko tenperatura gradiente nabarmenagoak ekaitzak, urakanak, euri jasak eta hotz boladak eragiten baititu.

Gainera, planetaren beroketak izotz masa kontinentalen urtze abiadura areagotzen du, itsasoaren maila igoz eta bizitzeko edo landatzeko eremuak urperatuz. Azkenik, azken urtean bistaratu den bezala, fenomeno horien eraginez ekosistemak suntsitzeak gizakiaren eta animalia basatien arteko kontaktua areagotzen du, eta tenperaturen igotzeak gaixotasunen bektore diren animalien hedapena bultzatu, animalietatik gizakionganako patogenoen transmisioa erraztuz.

Klima aldaketak muturreko tenperaturekin lotutako osasun arazoak, hondamendi naturalak, izurriteak eta ur eta elikagai eskasia eragiten ditu; gosea, guduak, migrazioak, sufrimendua eta heriotzak, beraz.

Nork jasaten ditu klima aldaketaren ondoriorik latzenak?

Klima aldaketaren ondorioak planeta osoan antzematen dira, baina eragindako kalteak ez dira herrialde guztien artean berdin banatzen. Tenperatura igoerarik bortitzenak ekuatorearen inguruan ari dira erregistratzen (Afrikan, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan eta Asiako hego-ekialdean), eta aldeak oraindik eta nabariagoak izatea espero da mende amaieran. Ironikoa badirudi ere, beroketan gutxien parte hartu duten herrialdeak dira kaltetuenak.

Herrialde aberatsek muturreko fenomeno meteorologikoei aurre egiteko azpiegiturak dituzte, eta janari eta ur hornidura ziurtatzeko baliabideak. Termostatoari eraginez egin diezaiekete aurre bero eta hotz boladei, hirietako eraikinek zutik irauten dute ekaitz eta uholdeen aurrean, eta uztak hondatzen badira beste nonbaitetik inportatu ditzakete elikagaiak.

Aldiz, hegoalde globaleko herrialdeetan, 2.600 milioi pertsona bizi dira egunean 2 dolar baino gutxiagorekin, eta horiexek dira, hain zuzen ere, mendekotasun handiena dutenak baliabide naturalekiko. Beraien osasuna, segurtasuna eta bizimodua zuzenean mehatxatzen dituzte muturreko tenperaturek, uholdeek, suteek, lehorteek eta goseteek.

Gainera, herrialde horietan emakumeek* jasaten dituzte klima aldaketatik eratorritako ingurumen arazo eta tentsio sozial eta ekonomikoen ondoriorik larrienak. Emakumeak dira eskola uzten lehenak; ura, erregaia eta jakiak bildu eta garraiatzeaz arduratzen direnak; zaintza lanen zama guztia bereganatzen dutenak; ur eta saneamendu eskasia dagoenean osasun arazoak izateko aukera gehien dutenak; eta baliabide mugatuek sortzen duten presio egoeretan biolentzia gehien jasaten dutenak. 2013ko Haitiko tifoiaren ostean emakume salerosketa hirukoiztu zen. 2019an, 25 milioi pertsonak migratu behar izan zuten hondamendi naturalen ondorioz (UNHCR, 2019). Horietatik, %80 emakumeak izan ziren (Instituto de la Mujer, 2020).

Dena dela, herrialdeen artean ez ezik, klima aldaketak eragindako ondorioen klase, arraza eta genero desparekotasuna estatu aberatsen barnean ere nabaria da. 2018an, Kaliforniako suteek 66 pertsona hil, 600 baino gehiago desagerrarazi eta 1.000 eraikin kiskaltzen zituzten bitartean, inguruko luxuzko urbanizazio eta hoteletako jabeek suhiltzaile pribatuak kontratatu zituzten euren etxaldeak babesteko. Era berean, “Harvey” eta “Katrina” urakanek Houstoneko auzo txiroenak hondatu zituzten, urperatzeko joera handiagoa duten eremuetan eraikita baitzeuden.

Klima aldaketak eragindako bero boladak nabariagoak dira gure hiri eta herrietako ekonomikoki deprimitutako eremuetan, iturri, gerizpe eta berdegune gutxiago dituztelako. Muturreko tenperaturek, bestalde, kalean bizi edo lan egiten duten pertsonei erasaten diete bereziki, eta osasun ahulagoa duten biztanleen osasuna arriskuan jarri. Halaber, muturreko fenomeno meteorologikoek zuzenean baldintzatzen dute nekazarien zein langileen etorkizuna edo egunero lantokira joan behar dutenena, besteak beste.

Era berean, klima larrialdiak eragindako depresio ekonomikoko testuinguru batean, zapaldutako kolektiboek jasaten dituzte ondoriorik latzenak, kontraturik gabe lan egitera behartuak ikusten diren pertsona migratuak edo etxeko langileak diren emakumeak*, esate baterako.

Emakumeek*, gainera, soldata arrakalaren ondorioz pobrezia energetikoa pairatzeko probabilitate handiagoa dute ere. Hala ere, kaltetuenen artean izan arren, klima aldaketarekin erlazionatutako erantzukizunezko postuen %20 bakarrik okupatzen dute emakumeek*, eta nazioarteko batzarretan oinarritzat erabiltzen diren ikerketa zientifikoko taldeen buruen %5 dira (Genero Berdintasunerako Europako Institutua).

Klima aldaketaren aurkako borroka, klase borroka eta borroka feminista

Egoera ahulean dauden pertsonek sufritzen dituzte gehien planetaren beroketaren ondorioak, baina arazoa, neurri handi batean, pribilegiatuenek sortzen dute. Munduko %10 aberatsenak guztira emititzen diren berotegi efektuko gasen (BEG) erdia eragiten du, %50 txiroenak, berriz, soilik %7 (Oxfam, 2020). Gainera, bakarrik 100 enpresa dira emisio gordinen %71ren erantzule.

Klima aldaketa moteltzeko emisioak drastikoki moztu behar dira, baina egungo produkzio sistema bateraezina da murrizketa horiekin, etengabeko hazkuntza ekonomikoa, lurren eta bizitzen ustiapena eta kapitalaren metaketa beharrezkoa dituelako bizirauteko.

Generoei erreparatuz, hainbat ikerketak baieztatu dute herrialde garatuetako gizonei emakumeei* baino BEG emisio gehiago esleitu dakiekeela, maskulinitate tradizionalari atxikitako jarrera eta kontsumo patroien ondorioz –ibilgailuaren erabilera edo haragi kontsumo handiagoa, adibidez– (Räty & Carlsson-Kanyama, 2010). Genero rolak kaltegarriak dira klimarentzat, boterean eta dominazioan oinarritutako maskulinitateak natura konkistatzea eta etengabeko hazkuntza dakartzan heinean.

Horregatik ezinbestekoa du klima aldaketaren aurkako borrokak klase eta genero ikuspuntua barneratzea, eta horregatik integratu behar du klase borrokak eta mugimendu feministak klima aldaketaren aurkako borroka. Egiturazko zapalkuntzen aurrean bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatzen dutelako; eta klima aldaketa sintoma bada, gaixotasuna kapitalismoa eta patriarkatua direlako.