INFO

Hain gaizki ez datorkion puntua batu du Osasunak Huescaren etxean (0-0)

Osasunak beste puntu bat batu du, oraingoan Huescaren etxean. Ez dio askorako balio talde gorritxoari baina behintzat arerio zuzen baten aurka galtzea saihestu du. Ez dute neurketarik onena jokatu Jagoba Arrasatek zuzendutako jokalariek taldeak eta beraz, puntua ez da hain eskasa.

Kike Barja baloia bereganatu nahian. (LA OTRA FOTO)

Beste puntu bat batu du Osasunak eta gutxika gutxika ari da jaitsierako postuei dagokienez tartea egiten, edota mantetzen, eta ez da gutxi. Gogoratu behar da Osasunak jaitsiera postuetan amaitu zuela lehen itzulian. Egun, bihar Alavesek Atletico Madrilen etxean jokatu behar duen neurketaren faltan, jaitsiera postuetatik zazpi puntura daude gorritxoak.

Huescaren erritmora jokatu den neurketan puntu bat batu du Osasunak. Gehiago egin zezakeen talde gorritxoek, ezbairik ez da, baina neurketa makala jokatuta ere puntu bat batzea ez da lorpen eskasa. Ez da izan Huesca baino askoz gutxiago ere, baina apur bat gehiago falta izan zaio benetan puntu bat baino gehiago merezi izateko.

Lehen zatian ondo antzean hasi bada ere, segituan hartu du baloiaren jabetza Pachetaren taldeak eta bereak izan dira aukerarik onenak. 20. minutua bete baino lehenago Torrok jaurtitako baloi arriskutsua ezerezean geratu da Vavroren jaurtiketa indartsuaren aurrean. Juan Perez atezainak -larunbat honetako neurketan Sergio Herrera ordezkatu du- hozta-hozta ukitu du atzelariak botatako baloikada eta azkenean langak desbideratu du arriskua.

Moncayola eta Torrok erdian osatu duten bikotea erabat gainditu dute Seoane, Rico eta Ferreirok, hala nola hegaletan ere nagusi izan dira Galan eta Maffeo. Pachetak ohi duen bezala hiru erdiko atzelarirekin jokatu du eta aipatu bi hegaleko jokalari hauek zenbait erdiraketa egiteko aukera izan dute. Horiteriko batean, Rafa Mir Aridaneri gailendu eta bere burukada gutxigatik joan da kanpora. Interesgarria izan da Mir eta Aridane bezain jokalari indartsuen arteko dantza, azkenean hau ere berdinketan geratuta.

Aldaketarik egin gabe itzuli dira aldageletatik bi taldeak eta espero legez, dinamikak bere horretan jarraitu duenez, etxekoak hobeto moldatu dira. Jagoba Arrasateri kosta zaio aldaketak egitea (Kike Barja eta Jony hegalez aldatu ditu, erreakzioren bat topatu asmoz)eta Huesca metroak irabazten joan da; nolanahi ere, ez du arriskuan jarri Juan Perezek defendatutako atea.

Azken unean Huescaren bi aukera argi

Ruben Garciaren zelairatzearekin erasoan zerbait berezia bilatu nahi izan du entrenatzaile bizkaitarrak; esaterako, Calleri aurrelari argentinarrari alboan lagun bat jarri eta ateari bizkarra emanaz gehiago jokatzea.

Minutuak aurrera egin ahala, baina, Huescaren beharrak agerian geratzen joan dira. Aragoiko taldeari ezinbestekoa baitzitzaion hiru puntu lortzea salbazioari bi eskuekin heltzeko eta puntu honek Osasunarentzat duen balio txikia baino gutxiago dauka berarentzat. Eman behar zuen guztia eman du azken minutuetan baina egiari zor, ez du lortu aukera argirik egitea.

Eta atearen aurrean erakutsitako apaltasun hori gogotik ordaintzeko zorian egon da, neurketa kamutsa jokatu duen Kike Barjak jaurtiketa arriskutsu bat atera baitu 82. minutuan. Andres Fernandez atezainak, gorritxoek ondo gogoan duten ate zaindariak, desbideratu du arriskua.

Andres Fernandezek 0-1ekoa salbatu duen moduan saihestu du Aridanek 1-0ekoa bost minutu falta zirela. Eta azken unean Escrichek ere izan du garaipena lortzeko aukera.

Bi taldeek asko eskertuko zuketen Chimy Avilaren presentzia hutsa goletik gertuago egoteko. Urtebete baino gehiago min hartuta egon ondoren, deialdian sartu zen jokalari argentinarra baina soilik bere taldekide ohiak agurtzeko aukera izan du El Alcoraz zelaian.