INFO

Segurtasun Legea salatu dute Baionan, baita migranteen aurkako jazarpena ere

Ipar Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoak biltzen dituen Stop Securite Globale kolektiboak deiturik ehunka lagun elkartu dira Baionako karriketan migranteei elkartasuna adierazteko balio izan duen martxan.

Migranteek pairatzen duten egoera salatu dute «lege libertizidak» salatzeko martxan. (Bon EDME)

Emmanuel Macronen Gobernua askatasunen murrizketari loturik proposatzen ari den lege ezberdinek sektore zabalen kontrakotasuna eta protesta eragin dute, baita Euskal Herrian ere.

Aste honetan bertan frantziar Senatuak onartu duen Segurtasun Orokorreko Legea salatzeko ehunka lagun bildu dira Euskal Herriko Stop Securite Globale kolektiboak antolaturiko martxan.

Errepublika plazatik «Demokraziaren alde, lege libertiziden kontra» lelopean abiatu den martxan presentzia berezia izan du migranteen aldeko elkartasunak.

Egun egoera aski gordina bizi da Irun eta Hendaia arteko mugan frantziar Poliziak ezarririko kontrolek zaintasun berriak sortzm dizkietelako migranteei.

Baionako Pausa zentrora gero eta migrante kopuru handiagoa heldu da asken asteotan.

Martxaren antolatzaileen erranetan, frantziar Gobernuak «lege-armategi bat» proposatzen du finean herritarren gaineko kontrola areagotzeko eta askatasun publikoak murrizteko.

«Iritzi-askatasuna, informatzeko eta informatua izateko askatasuna, adierazpen-askatasuna, elkartzeko askatasuna, manifestazio-askatasuna eta oro har kontestazio askatasuna» murrizteko ekinaldia dela deitoratzen dute.