INFO
Entrevista
Jasone Cenoz
Hizkuntza gutxituen aukerak aztertzen dituen ikerlaria

«‘Translanguaging’ praktiken eta ariguneen arteko oreka behar da»

EHUko Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedraduna da. Hezkuntza eleaniztunaren eta bigarren zein hirugarren hizkuntzen irakaskuntzaren inguruan ikertzen du. Eta Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarraren irekiera hitzaldia emanen du.

Jasone Cenoz, hizkuntza gutxituen aukerak aztertzen dituen ikerlaria. (Andoni CANELLADA / FOKU)

“Bagara nor” goiburuarekin eginen da, Nor ikerketa taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarraren 18. edizioa. Martxoaren 24tik 26ra izanen da, online formatuan. 140 hizlari baino gehiago elkartuko dira eta elkarrizketaren unean 250 lagun zeuden matrikulatuak, horietatik gehienak (200) europarrak eta gainontzekoak Amerika eta Afrikakoak. Azken horien presentzia bultzatu nahi izan dute, hizkuntza gutxituen inguruko begirada eta erabilera «oso interesgarriak» dituztelako eta «asko dugulako Europatik ikasteko».

Ekitaldia irekia da eta oraindik bada izena emateko aukera. Webgunean dago informazio guztia eta matrikulatzeko bidea (Icml2021.eus).

Irekiera hitzaldian, hizkuntza gutxituek dituzten erronkak jorratuko dituzu, bereziki «translanguaging» delakoari erreparatuz, eskolaren testuinguruan. Kontzeptu berria da?

Berez ez da oso berria, baina azken urteetan oso-oso zabalduta dago hezkuntza elebidun eta eleaniztunean. Lehenengo aldiz Galesen erabili zen hezkuntza elebidunean (galesa eta ingelesa). Cen Williamsek praktika bat aurkitu zuen, bere ustez oso ona edukia zein hizkuntza ikasteko. Esaterako, ikasleek historiari buruzko bideo bat ikusten dute ingelesez, eta gero idazlan bat egiten dute galesez. Horrela itzulpenarekin baino ahalegin handiagoa egin behar dute. Geroago, 2009tik aurrera, asko zabaltzen hasi zen translanguaging-a, baina beste testuinguru batean. Ideia gelatik kalera atera zen, eta Galestik batez ere AEBetara pasatu zen.

Nola aplikatzen da AEBetan?

Modu desberdinetan. Ofelia Garciaren ekarpenekin dago lotuta. New Yorken lan egiten du Garciak. Han jatorri latinoko ikasle asko dago eta kasu batzuetan hezkuntza elebiduna jasotzen dute. Ez zaio gustatzen espanglish deitzea, baina bere ideia da praktika hori legitimatzea eskolan, horrela ikasle minorizatuen alde egiteko. Euren hitz egiteko modua onartzen bada, aurrerago egingo dute. Gurean egoera desberdina da. Kaleko translanguaging hori legitimatzen badugu, zer gertatuko da euskararekin? AEBetan hizkuntza minorizatuarekin egindako praktikak eramaten dituzte gehiengoaren hizkuntza den espaziora. Gure kasuan, idazlanak “euskañolez” egitea legitimatzen badugu, gehiengoen hizkuntzatik eramango dugu zerbait euskararen espaziora.

Kontrakoa da norabidea.

Bai. Gero ikasle horiek gaztelania ere egingo dute, eta euskararen eragin oso gutxirekin. Oreka bat behar da. Alde batetik, gaur egungo eleaniztasunarekin ezin da kasu guztietan euskara berarekin guztiz identifikatzen zarelako ikasi, beste arrazoi batzuk ere egon behar dira, parte emozional hori ez dagoelako ikasle guztiekin. Bestalde, hizkuntza asko daude eta globalizazioa dela-eta ezin duzu euskara erabat isolatu. Baina, aldi berean, ezin duzu edozein “euskañol” onartu edozein tokitan. Translanguaging pedagogikoaren alde egiten dugu, ikasleek beste hizkuntzetan dakitena erabiliz. Esate baterako, D ereduko zientziako klasean euskarazko testu batean begiratzen dugu ea bertako hitzek sustraikideak dituzten beste hizkuntzetan. Haiek konturatzeko dituzten baliabideak gauza askotarako baliagarriak direla. Agian ez dakite oraindik hitza euskaraz, baina dituzten errekurtsoak erabil ditzakete, euskarari lekurik kendu gabe. Horrelako praktikekin batera arnasguneak edo ariguneak ere behar dira, leku batzuk non euskaraz bakarrik egingo den.

Egun AEBetan askatasun gehiago emateaz hitz egiten ari dira, translanguaging egiteko espazioez, baina gurean euskararentzako espazioak behar ditugu, translanguaging-a jadanik badago. Nik ere egiten dut translanguaging-a, askok egiten dugu modu informalean. Kontzientzia linguistikoa landu behar da, zergatik eta nola egiten dugun jakin. Egokia izan daiteke zenbait tokitan, baina dena ezin da translanguaging-a izan. Aldiz, irakasleak planifikatuta egiten denean, helburu pedagogiko batekin, oso baliagarria izan daiteke, hizkuntzek elementu asko dituztelako komunean, testuen egitura kasu. Badugu Youtuben bideo bat, “Atera zuku guztia eleaniztasunari!”, eskoletan egiten ari garen lana erakusten duena (https://www.youtube.com/watch?v=NK6h9HZIQMM).

«Translanguaging» kontzeptua baliatzen duzue, baina zuen modura.

Bai, baina kontuz, oso lotuta gaude kontzeptuaren hasierarekin, Galesen egin zenarekin.

Formula berak ez du guztientzat balio.

Egoera soziolinguistikora egokitu behar da. Herri euskaldun batean, agian espazio gutxiago beharko dituzu arnasgune gisa planifikatuta, jada badituzulako, eta hiri batean gehiago. Zentro bakoitzak ikusi behar du, bere plangintza linguistikoan. Bestalde, ezin dugu guztiz itxita egon. Euskaldun berri asko ez da ausartzen hitz egitera jendea oso purista bada. Oreka ez da erraza.

«Translanguaging»-a bai, baina kontrolatua eta nahi den norabidera eramana.

Helburu pedagogiko batekin. Gaztelania eta ingelesa erabiltzen ari naiz euskarako klasean, edo alderantziz, ingeleseko klasean euskara eta gaztelania pixka bat erabiltzen ditut, zerbait lortzeko. Interesgarria delako ikasleek dakizkiten hizkuntzetan oinarrituta hiztegi berria ikastea edo testu bat nola antolatzen den ikustea. Zenbait eskolatan praktikan jarri dugu eta ikasleak harritzen direla ikusi dugu. Beti esaten dugu euskara oso-oso ezberdina dela, baina ingelesez bookshop esaten da eta euskaraz “liburu denda”. Egitura berdina dela konturatzen dira eta kontzientzia metalinguistikoa lantzen dute.

Hori interesgarria da, konplexu edo muga batzuk alde batera uzteko balio baitu.

Bai, eta ez da pentsatu behar ezin duzula hitz bat ere esan beste hizkuntza batean. Dituzun baliabideak erabil ditzakezu. Hezkuntzan dakizuna informazio berriarekin lotu behar duzu beti, hobeto ikasteko. Aldiz, hizkuntza bat guztiz isolatzen badugu, esanez “ahaztu dakizkizun beste hizkuntzak”, ez gara ondo ariko.

Aipatu duzu zenbait eskolatan praktikan jarri duzuela «translanguaging» pedagogikoa. Orokorrean bide horretan daude ikastetxeak?

Eskolekin lanean ari gara, edukia eta hizkuntza gehiago lotzeko. Ikasle askok arazoak dituzte hizkuntzarekin zientzian edo matematikan. Hor ere garrantzitsua da hizkuntza. Eta hizkuntza klasean beste klaseetan beharko duzuna lantzen baduzu, lagungarria izango da.

Honekin lotuta, garai bateko ume euskaldunek gaztelaniazko klaseak jasotzen zituztenean ez zituzten matematikako problemen testuak ulertzen eta zuzenean zenbakiak hartu eta eragiketak egiten zituzten, batu, kendu, biderkatu edo zatitu, ea zorte pixka batekin zer egin behar zen asmatzen zuten.

Orain dela urte asko bazeuden ume euskaldunak, oso argiak, matematikako ariketak egin ezin zituztenak ez zutelako gaztelania ulertzen. Baina orain konturatu behar dugu gauza bera gerta daitekeela euskararekin. Badago kontu garrantzitsu bat: klaseko hizkuntza ez da egunerokoa eta, ez baduzu hizkuntza osoa menderatzen, ezingo duzu galdetzen dizutena egin. Zenbait kasutan ikusi dugu hobeto ulertzen dutela ikasleek matematika testu gutxi dagoenean. Faktore asko dira. D ereduan ikasle gehiago dago, baina kalean ez da hainbeste igo erabilera. Irakurketa faltarekin ere lotuta dago.

Irakurtzen da, baina beste modu batera; pantailetan, ez hain lasai.

Alde batetik, inoiz baino gehiago irakurtzen da, baina oso azkar, saltoka. Askoz gutxiago irakurtzen da lehengo moduan. Horrek abantailak ere baditu. Informazio pila bat dugu eta informazio hori pixka bat ikusteko azkar egin behar duzu.

Ez dakit Chill Mafia musika taldea ezagutzen duzun. Hautsak harrotu ditu sexu oralaz, MDMAz, kale borrokaz eta Instagrameko ligoteoaz euskaraz arituz, euskalduntasun ez hegemonikotik. Euskara zuzentasunarekin lotzen dugu, ezta?

Hizkuntza guztietan bezala, ikastetxeko euskara ezin da erabili modu berean gazteen artean. Hori ere translanguaging-a da. Normala da bi hizkuntza kontaktuan daudenean. Beti gertatu da. Nik eskolaren testuinguruan lan egiten dut eta interesgarria iruditzen zait eskolaren aldetik begiratzea eta konparatzea, eta ikasleak konturatzea kasuan kasu hizkuntza modu batean edo bestean erabil daitekeela. Hori bada zure lagunekin komunikatzeko modua eta funtzionatzen badu, nik ez dut arazorik ikusten.

Ikasle batzuek euskaraz lagunartean egiteko baliabiderik ez aurkitzea gerta daiteke.

Hori da. Lagunartean erabiltzeko freskotasuna behar duzu.

Zuk alderantzizko bidea egiten duzu, ikasleak kanpotik ekartzen dituen baliabideak eskolan aprobetxatuz.

Ikasleek lagunekin nola komunikatzen diren konta dezakete, nola egingo luketen elkarrizketa bera beste testuinguru batean, komunikazioak nola funtzionatzen duen konturatzeko.