INFO

44 urteko zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Jurgi Garitagoitiari

Ignacio Uria enpresariaren heriotzan parte-hartzea leporatuta, 44 urteko espetxe zigorra ezarri dio espainiar Auzitegi Nazionalak Jurgi Garitagoitia bilbotarrari. Ugaitz Errazkin absolbitu egin du. Gorka Palaciosi sei urteko zigorra ezarri dio 1997ko auzi bat dela-eta.

Espainiar Auzitegi Nazionalaren egoitza, Madrilen.

Auzitegi Nazionalak 44 urteko kartzela zigorra ezarri dio Jurgi Garitagotia bilbotarrari, Ignacio Uria enpresariaren heriotzaren inguruko auzian. Ugaitz Errazkin, aldiz, absolbitu egin du.

Zigor Salako Lehen Ataleko epaileek 25 urteko kartzela zigorra ezarri diote Garitagoitiari, «hilketa terrorista» egotzita, 12 urtekoa, «legez kanpoko atxiloketagatik», lau urte eta sei hilabetekoa, «ibilgailu motorduna lapurtzeagatik» eta bi urte eta sei hilabetekoa, «kalte terroristengatik». Beñat Aginagaldek eta Joanes Larretxeak kasu honengatik zigor bera jaso zuten 2017an.

Gainera, Manex Castro, Joanes Larretxea eta Beinat Aginagalde auzipetuekin batera, 160.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio hildakoaren alargunari, eta 40.000 eta 80.000 euro arteko kalte ordaina lau seme-alabei.

Salak frogatutzat jo du bi akusatuak, Garitagoitia eta Errazkin, ETAko kideak zirela, 2008ko abuztu eta 2009ko martxo bitartean.

Garitagoitia zigortzeko balio duten zantzuei dagokienez, epaileek adierazi dute frogatuta geratu dela gertakarien garaian akusatua "Ezuste" taldekoa zela, espainiar inteligentziako aditu-txostenaren arabera, eta hori frantziar Estatuan «talde terroristako kide» izateagatik jasotako epaiak frogatzen duela.

Aldiz, «sinesgarritasun gutxi» ematen die epaiketan egindako adierazpenei, zeinetan leporatzen zitzaiona ukatu egin zuen. Bertan, defentsek salatu zuten Garitagoitiak eta Errazkinek haien errugabetasuna frogatu behar izan zutela, akusazioak errudunak zirela frogatu beharrean.

Sei urte Gorka Palaciosi 1997ko auzi betengatik

Bestetik, Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio Gorka Palacios bizkaitarri, 1997an «lehergailuak gordetzea» leporatuta. Durangoko etxebizitza batean ezustean lehertu ziren.

Zigor Salako Lehen Ataleko magistratuek absolbitu egin dute «kalte terroristen» delituaz.

Defentsak gertaeren preskripzioa eskatzen zuen, baina epaileek ebaztertu egin dute «10 urte baino gehiagoz auzia geldiarazi duten hainbat gertaera prozesal daudela» argudiatuz.